Merkataritza ttikia suspertzeko egitasmoa

Egunero elikatzen gaituen janaria eta soinean daramazkigun arropak, eskura jartzen dizkiguten  dendak. Ordenadorea konpondu edo matxuraturiko motorra berpiztuko digun tailerra. Eguerdian parekorik ez duen pintxoa eta gauerdian beti azkena den garagardoa zerbitzatzen digun taberna. Gure herriko hostalari, zerbitzu emaile eta komertziante ttikiak, gure auzo eta kaleen parte dira. Gure herrikideekin harremantzeko, herri egiteko, espazio, gune eta topalekuak eraiki dituzte. Gu egin gaituzten eta gure egin ditugun salmenta eta bizi guneak dira. Oiartzun osatzen duten zortzi auzoetan, merkataritza ttikia, herri historiaren begirale eta sortzaile izan da urte luzez.

Izan da, eta da. Nahiz eta orokorrean bere momentu gozoenak bizi ez. Merkataritza ttikiak, faktore ugari medio, beherakada nabarmena bizi du azken urteetan. Eta honekin batera, kaleetako gora-beherek, zurrumurruak, herrikideekin ezusteko topaketak... hitz batez: herri bizitzak ere behera egin du. Edozein herri ttikitan, tokiko merkatarizta ez delako merkatarien kontua soilik. Hau, herri bizitzaren bultzatzaile eta adierazle bait da, herrian duinki bizi ahal izateko baldintzetaz hitzegiten digun adierazlea. 

Urritik hasi eta Abendu bitartean garatuko den Merkataritza Suspertzeko Plan Bereziak (MSPB), Oiartzunen merkatartitza ttikiak bizi duen beherazko tendentzia horri buelta emateko ekintza-oinarriak jartzea edukiko du xede. Baina ez edonola. Merkatariak izanda sektoreak bizi duen egoeraren aditu onenak, eta herritarrak, beren kontsumitzaile posiziotik, behar dutenaren jakitunak, Ekintza Plan hau era parte-hartzaile batetan egingo da, ezinbestean. 

Udalak eta talde teknikoak (Hiritik-At eta Aztiker), parte hartze horren, ahalbidetze, koordinazio eta sistematizazio lanetara egongo gara buru-belarri. Horrela, merkatariekin banan bana egongo gara bakoitzak egoera nola ikusten duen jakiteko, herritarren parte hartzea ahalbidetzeko ekintza eta foroak irekiko ditugu, eta hori guztia erabaki kolektibo baten ondorio izango den MSPBan itzuliko dugu.

Oiartzungo merkataritza ttikia indartzea, herrian duinki bizi ahal izateko aukerari ekarpena egitea da, herri bizitza ureztatzea alegia. Horregatik, datozen hiru hilabeteetan garatuko den prozesuan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, izan merkatari izan herritar.

Prozesuan elkar ikusiko dugulakoan, laster arte!

FITXA

Zer:

Merkataritza ttikia suspertzeko plan berezia (MSPB) osatu
Hau lan ildo zehaztuetan banaturiko Ekintza Plan batean antolatu

Zertarako:

Pertsona askoren ogibidea den sektorea izaki, hau indartuz, herrikide hauen bizi kalitatea hobetzeko
Merkataritza ttikia herri bizitzaren neurgailu denez, herri bizitza indartzeko

Nork:

Herriko merkatari ttikiak (komertzio, hostalari eta zerbitzuak)
Herri eragileak
Herritarrak
Hiritik-At eta Aztiker talde teknikoak
Oiartzungo Udala

Noiz:

Urrian egoeraren azterketa: Merkatariei galdetegia, herritarrei inkesta eta guztion artean Mapeo Kolektiboa ekimen herritarra hilak 22
Azaroan ekintza planaren osaketa bi forotan: Lan ildoak zehaztu eta antolaketa definitu
Abenduan ondorioen azalpena herritarrei: Abenduak 17 deboluzio ekimen herritarra

Nola:

Ekimen herritar eta foroetan emango den merkatari eta herritarren parte-hartze zabalaz