Antolaketa eta funtzionamendua

Hiri-hondakinen bilketa atez ate egiten da hirigunean, baina landa eremuan ekarpen-guneen bidez egiten da. Atal honetan gune bakoitzean hondakinen bilketa nola egiten den azaldu da. 

HIRIGUNEA

Hondakinak, egun eta ordu jakinetan, etxeko atarian biltzen dira.

Beiraren iglu berdea da kaleetan dagoen edukiontzi bakarra. Gainontzeko hondakin atal guztiak, baita organikoa ere, etxe-atarien kanpoaldean jarritako zintzilikailuetan biltzen dira, gauez.

Bost hondakin atal bereizten ditugu: organikoa; ontzi arinak; papera eta kartoia; beira eta errefusa.

Ordutegia eta egutegia

Egutegia
Bilketa-modua

Hondakinak ateratzeko ordutegia: 20:00-22:00. Beira jasotzeko ez dago ordutegi eta egutegi jakinik, kaleko iglu berdea erabiltzen baita. 

  • Organikoa: Ontzi marroian eta poltsarik gabe, zintzilikailuan. Poltsaren ordez sukaldeko papera erabiltzea aholkatzen da. Horrela, ontzia garbi mantentzen da eta usain txarrak ekiditen dira, paperak hezetasuna xurgatzen baitu. Usainen harira, ontzia etxean den artean irekita mantentzea eta arrain hondarrak sukaldeko paperetan biltzea gomendatzen da.
  • Ontzi arinak: Plastikozko poltsan, zintzilikailuan. Komertziotako poltsak berrerabiltzea aholkatzen da.
  • Papera eta kartoia: Paperezko poltsan, kartoizko kaxan edo soka batekin lotuta, zintzilikailuan.
  • Beira: Kaleko iglu berdean.
  • Errefusa: Plastikozko poltsan, zintzilikailuan.

Etxe ataritako zintzilikailuetan herritar bakoitzak bere kakoa du ontzia eta poltsak uzteko.

Larrialdi gunea

Atez ateko bilketa ordutegia errespetatu ezin denean, larrialdi bat dagoenean, gune honetara joan daiteke hondakinak uztera. Bertan organikoa, ontzi arinak, papera eta kartoia, errefusa, beira, olioa eta arropa utz daitezke eguneko 24 ordutan eta asteko zazpi egunetan.


LANDA EREMUA

Landa eremuan bizi diren herritarren hondakinak ez dira hirigunean bezala jasotzen, ez dira atez ate biltzen. Landa eremuko herritarrek zintzilikailuen ordez bilketa-guneak erabiltzen dituzte beren hondakinak uzteko, eta ez dute ordutegi eta egutegi jakinik betetzen. Bilketa gune hauei aportazio-guneak deitzen zaie.

Aportazio-guneak

Bilketa-guneak eremu itxiak dira eta hondakinak egoki sailkatzeko edukiontziak daude bertan. Edukiontzi marroia organikoarentzako, horia ontzi arinentzako, urdina papera eta kartoiarentzako, iglu berdea beirarentzako eta kontenedore grisa errefusarentzat.

Aportazio-guneak itxiak izanik, landa eremuko bizilagunek giltza dute bertan sartzeko.

Auzo hauetan daude aportazio-guneak (ikusi mapa):

  • Altzibar: Artikutzako bidean.
  • Elizalde: Ollarriarreko aparkaleakuan.
  • Ergoien: Pagoaldea poligonoan.
  • Gurutze: Bizardia plazan eta Maldaburu bidean
  • Iturriotz: Zirauki kalean.
  • Ugaldetxo: Iradi bidean eta Zerradi poligonoan

Bilketa modua

  • Organikoa: Zuzenean, poltsarik gabe, edukiontzi marroira. Poltsaren ordez sukaldeko papera erabiltzea aholkatzen da. Horrela, ontzia garbi mantentzen da eta usain txarrak ekiditen dira, paperak hezetasuna xurgatzen baitu. Usainen harira, ontzia etxean den bitartean irekita mantentzea eta arrain hondarrak sukaldeko paperetan biltzea gomendatzen da.
  • Ontzi arinak: Plastikozko poltsan, edukiontzi horira. Komertzioetako poltsak berrerabiltzea aholkatzen da.
  • Papera eta kartoia: Zuzenean, paperezko poltsan edo kartoizko kaxan, edukiontzi urdinera.
  • Beira: Zuzenean iglu berdera.
  • Errefusa: Plastikozko poltsan, edukiontzi grisera.

MERKATARIAK

Herriko merkatarien eta elkarteen hondakinak ere atez ate biltzen dira. Hala ere, merkatari edo elkarte bakoitzean sortzen diren hondakinen kopurua eta izaera ezberdina denez, atez ateko informazio bulegokoekin bildu eta zerbitzua zehazten da.

Bilketa gehigarriak

Norberaren beharren arabera, herriko merkatari eta elkarteek hondakin-atal ezberdinak jasotzeko bilketa estrak eskatzeko aukera dute. Hau da, gauetako zerbitzuarekin nahikoa ez eta goizetan zerbitzu batzuk eska daitezke: organikoarena astearte goizetan, errefusarena asteazken goizetan eta papera eta kartoiarena ostiral goizetan.

Hondakinen gida