Udal museoak

SOINUENEA, HERRI MUSIKAREN TXOKOA

Kontaktua

Tornola kalea, 6 (Ergoien auzoa)

www.soinuenea.eus

943 493 578

soinuenea@soinuenea.eus

Juan Mari Beltran Argiñenak urte asko eskaini dizkio herri-musikari; ildo horri jarraiki, interpretatu, ikasi, gauzatu eta irakatsi egin du. Urte askotako lanaren ondorioz dokumentu-funts izugarria du eta hori dago ikusgai Herri Musikaren Txokoan. Funtsaren barruan musika-tresnak nahiz idatzizko eta entzunezko informazioa dago. Kasu batzuetan argitaratu da, beste batzuetan, berriz, ez. Eta hori guztia herri-musikaren eta tresnen inguruan antolatu da.

Erakusketa egituratzeko musika-tresnen bildumako 400 ale baino gehiago erabili dira eta biltegian 600 baino gehiago daude sailkatuak. Azkenekoak ikerlariek azter ditzakete.

Erakusketan mundu guztiko musika-tresnak eta jostailuak daude eta soinuaren jatorrian, hau da, ekoizteko sisteman oinarrituta sailkatu dira. Hori guztia osatzeko ikusgai dauden tresnen argazkiak daude, bai multzoka, bai banaka.

Dokumentazio-guneko ikerketa eta kontsulta atalean sartzeko aldez aurretik ordutegia adostu behar da.

Herri Musikaren Dokumentazio eta Erakusketa Zentroan honakook aurki ditzakegu:

  • Musika-tresnen bilduma: erakusketa eta tresnak kontsultatzeko biltegia.
  • Liburutegia: herri-musikako tresnei eta musikari buruz idatzizko materiala.
  • Fonoteka: mota eta formatu desberdinetako musika-grabaketen bilduma.
  • Argazki-artxibategia: argazkiak, filmak eta bideoa…
  • Tailerra: musika-tresnak egiteko eta konpontzeko tailerra.
  • Erabilera anitzeko aretoa: hitzaldietarako, ikastaroetarako eta entzunaldietarako aretoa.
  • Erakusketa:
    • Aerofonoak: txirulak, mihiak, tronpetak, aerofono libreak.
    • Mintzfonoak: kolpatuak, igurtziak, mirlintoiak.
    • Idiofonoak: zuzenean eta zeharka kolpatuak, karrakatuak, igurtziak eta malguak.
    • Kordofonoak: soka igurtzia, sakatua eta igurtzia.

LUBERRI IKASGUNE GEOLOGIKOA

Kontaktua

Pagoaldea industrialdea 41-42

www.luberri.org

luberrimuseoa@gmail.com

943 26 05 93 / 94


ARDITURRIKO MEATEGIA

Kontaktua

Arditurri Bidea, 3

www.arditurri.com

turismoa@oarsoaldea.eus/arditurri@arditurri.com/arditurri@gipuzkoamendizmendi.net

(0034) 943 494 521

Aiako Harria Parke Naturaleko sarbideetako batean, mendigunearen baldintza geologikoen pean kokatzen da Arditurriko meatze gunea. Erabateko meatze-paisaia eskaintzen du, oraindik ikusgai baitira hala nola zerura irekitako harrobiak, esterilen zabortegiak, plano inklinatu eta lur-berdinketak, meatze-sarrerak, ustiapen garaiko eraikinak eta baita garai batean minerala Pasaiako portura eramateko erabiltzen zen trenbide zaharraren bidea ere, gaur egun bidegorri bilakatua. Lur azpian berriz gizakiaren eragina handiagoa da; hainbat kilometro galeria aurkitzen baitira bertan, meatzaritza-lana eta erauzketarako gune ezberdinen sarea osatuz.

Duela 2.000 urte ezkeroztik ia jarraian ustiatuak izan diren meazulo bakarrenetakoak dira Arditurrikoak. Orain ia 20 urtez utzita egon den ingurua berreskuratu da, Real Compañía Asturiana de Minas delakoak 1984ean meategien ustiapena bertan behera utzi zuenetik hain zuzen.

ARDITURRIKO OHIKO BISITALDIA

Arditurriko meategien bihotzera bisita denboran zehar egiten den bidaia da, bertan adimena, zentzuak eta emozioak nahasten direlarik. Iluminazioak eta soinuek paper garrantzitsua dute bisita honetan; horrela meazulo barruan giro magikoa sortzen dute, bisitaria meategi hauen garai ezberdinetara eramanez.

Meazuloan barrena sartu aurretik bisitariak lehen kontaktu bat izango du lokuzio bati esker. Bertan, Thalacker ingeniari alemaniarrari dagokion ahotsak meategien historiari errepasoa egiten dio.

Sarrera honen ondoren, goiko galeriaren bisita gidatuari hasera ematen zaio. 180 metroko ibilbidean bisitariak meazuloaren morfologia eta dimentsioa ezagutuko ditu. Gainera, argiek meazuloko hainbat sekretu erakutsiko dizkigute: materiala kargatzeko tokiak, putzuak, mineralen betak edo lakuek osatutako paisaia harrigarria, besteak beste. Ibilbidea erromatarren ondorengo garaiko meazuloan zehar egiten da, baina ibilbidearen zenbait puntutan galeria erromatarren ahoak ikus daitezke.

Teknologia berriei esker, 2.000 urtez meazuloan bizi izandako soinu eta giroa birsortu da: arrokek erortzean egiten duten soinua, bagoneten triki-traka, motorraren soinua edo lakuen distiraz apainduriko isiltasuna. Meazulora bisita esperientzia ahaztezina da dudarik gabe.

ABENTURAZ BETETAKO BIDAIA

Meazuloaren 2. fasea jendaurrera irekita, bisitariak lurpeko paisaia eta erromatarren aztarnak hurrenez hurren ezagutzeko aukera izango du. Meazuloan barrenago, denboran urrunago.

Lurpeko galerietan barrena bidaiatuz erromatar garaiko sekretu eta altxorrak ezagutzeko parada dugu. Eta meategian emandako urrats bakoitza erromatar mundura hurbiltzeko pausu bat izan dadin gai hauetan espezializatutako arkeologo eta espeleologoek lagunduko gaituzte meategian barneratzen. Begien bistan izango dugun lurpeko paisaian erromatar garaiko aztarnak irakurtzen lagunduz. Baina ez hori bakarrik. Bisitak, aldi berean, Arkeolaneko profesionalak lanean ikusteko aukera eskainiko digu, zuzenean, lur-azpian gordeta dauden aztarnak kanpora ateratzeaz arduratuko diren arkeologoek ikerketaren nondik norakoak azalduko dizkigute, ikerketa prozesuak ematen dituen emaitzak momentuan ezagutzeko. Hau guztia uztailetik aurrera zabalik egongo diren 400 metro berrietan. Lur azpiak gordetzen dituen altxor ezkutuak ezagutu nahi dituenarentzat zabalik.

INTERPRETAZIO ZENTROA

Garai batean meategiko laborategia izan zen eraikinean kokatuta, meazuloan barrena sartu aurretik bisitariak Aiako Harria Parke Naturaleko historia ezagutzeko aukera izango du Interpretazio Zentroan.

Eraikinak 50 m2ko bi solairu ditu. Beheko solairuan harrera gunea eta Aiako Harria Parke Naturaleko ondasun, kultura eta natura aberastasunak arin eta era didaktikoan azaltzen dituzten panelak eta pantaila taktilak aurki daitezke.

Bigarren solairua Arditurriko meatzari iraganaren inguruko informazio anitza eskaintzen duten euskarri modernoek osatzen dute. Hemen, bisitariak Arditurriko paisaia, meatze-lanak eta inguruko herrietako gizartea eta kultura nolakoak ziren ezagutu ahal izango du.


TREN BERDEA

Aisialdirako aukera honekin Oiartzungo udalerriko baliabide natural eta kulturalak modu desberdin batean bisitatu ditzakezu; hain zuzen ere, trenez.

Tren Berdea + Arditurri + beste museo bat

Bisita honetan Elizalde auzotik meategiraino Tren Berdean ibilbidea egiten da, ondoren bisita gidatua Arditurrin (Oinarrizko bisita ala Meategia Sakonean) eta baita Oiartzungo bigarren museo batean bisita gidatua ere (Luberri - Oiartzungo Interpretazio Zentroa ala Soinuenea -Herri Musikaren Txokoa).

Tren Berdea + Arditurri

Bisita honetan Elizalde auzotik meategiraino Tren Berdean ibilbidea egiten da eta ondoren bisita gidatua Arditurrin (Oinarrizko bisita ala Meategia Sakonean).