Oiartzungo Udalak parte-hartzearen eremuan egitasmo ugari ditu martxan. Atal honetan egitasmo horien laburpena irakur dezakezu, baita udalarekin harremanetan jarri eta elkar hartzeko informazioa ere.

 Udalak Elkar hartzen leloarekin eta horretarako propio sortu duen irudiarekin legegintzaldian planteatuko diren parte-hartze egitasmo guztiak bilduko ditu.

Herritarren parte-hartzea Gobernu Taldearen lanmoldearen oinarrietako bat da. Horregatik, egoki ikusi da herritarrek parte-hartzearekin erraz identifikatuko duten irudi bat sortzea.

Elkar hartzen izenak berak Udalak eta herritarrek bidea elkarrekin urratu behar dutela adierazten du. Bigarren zentzu batean, Oiartzungo hizkeran esamolde horrek adostu kontzeptua ere adierazten du. Honela, irudi eta lelo honek erreferentzia bihurtu nahi du, parte-hartzea bera erreferentziazkoa izatea nahi baitugu, oiartzuarrek parte hartzeko egitasmo baten aurrean daudela jakin dezaten.

AUZOAK, AUZO BATZARRAK ETA ARDURADUNAK

Oiartzungo Udalean auzo bakoitzeko gaiez arduratzen den zinegotzi bat dago. Auzoari buruzko zalantzak, kezkak edo proposamenak baldin badituzu, zuri dagokizun zinegotziarengana jo dezakezu; udalean bertan galdetu edo mezu elektroniko bat bidali.

Auzo batzarretan berriz, udaleko arduradunekin aurrez aurre egoteko aukera izango duzu. Bertan, auzoan aurretik kudeatzeko zeuden gaien egoera zein den azaltzen da eta mota guztietako eskaera berriak jasotzen dira. 


EGIN ESKAERAK WEB ORRIAREN BITARTEZ

Oiartzungo Udalaren ardura den gai bati buruzko iradokizun, kexa, proposamen edo abisurik baldin baduzu, web orriaren bitartez jarri zaitezke gurekin harremanetan. Horretarako herritarren eskura jarri ditugun inprimakiak bete ditzakezu. Dena den, aipatu nahi diguzun gaiaren arabera, baliteke eskaera orria bete eta udaletxeko erregistrora ekarri behar izatea. Web orriaren bidez jasotzen dugun informazioa nahikoa dela ikusten badugu, geronek kudeatuko eta erantzungo dizugu.


PARTE-HARTZE FORO EGONKORRAK

  • Gizarte-Hezkuntza Kontseilua. Udaleko gizarte zerbitzuek eta herriko gizarte eta hezkuntza eremuko eragileek osatzen dute. Hilean behin biltzen da gizarte arloko gaiak lantzeko. Bertan parte-hartu nahi baduzu jarri harremanetan Ongizate Sailarekin.
  • Xanistebanetako Festa Batzorea. Herriko jaiak antolatzeko apiriletik aurrera hilean behin biltzen den lantaldea da. Bertan Kultura Saileko arduradunek eta herriko 35 eragilek parte-hartzen dute. Gizarte, kultura, kirol eta hezkuntza arloko elkarteak biltzen dira. Honi buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jarri harremanetan Kultura Sailarekin.
  • Planeamenduko Aholku Kontseilua. Herriko hirigintza planeamendua lantzeko sortutako kontseilua da eta herritarrek, Hirigintza Saileko arduradunekin batera, Oiartzungo planeamenduari buruzko iritzia emateko aukera izaten dute. 2015ean onartutako Hirigintza Antolatzeko Plan Orokorrari ekarpenak egitea izan da kontseilu honen lan nagusietako bat. 
  • Udal Kirol Aholku Batzordea. Herriko kirol taldeekin osatutako batzordea da eta diru laguntzen irizpideak erabakitzen dira besteak beste. Urtean bi aldiz biltzen da gutxienez.
  • Harrera Plana. Oiartzunera bizitzera datozenei herria ezagutzera emateko eta integrazioa errazteko sortu den protokoloa da. Herrira etorri berri direnei harrera egiten die udalak eta herriko elkarteek ere bertan parte hartzen dute.

PARTE-HARTZE PROZESU PUNTUALAK

Beharren arabera eta gai zehatzen inguruan parte-hartze prozesuak ere antolatu dira. Orain martxan daudenak honakoak dira: 

  • Altzibarko peatonalizazioa. Auzoko Mikelete kalean zegoen trafiko arazoa konpontzeko jarri zen martxan prozesua. 2016ko apirilaren 25ean bukatu da.
  • Skate Park-a. Herriko hainbat gazteen eskariei erantzun nahian, Oiartzungo Udalak, herrian skate park bat eratzeko prozesu parte-hartzaile bat martxan jarri zuen 2015ean.
  • Puntu Ilunen diagnostikoa. Oarsoaldeko beste herriekin elkarlanean, eskualdeko puntu ilunen azterketa partehartzailea egin da 2016an. 

OIARTZUNGO UDALAREN DATUAK SAREAN

Herritarrek Oiartzungo Udalaren datuen erabilera egin dezaten, web orri honetan informazio ugari dago: