Udako igerilekuak 420 laguneko aforoa izango du

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Datorren asteazkenean, uztailak 1, udako igerilekua irekiko du Udalak. COVID19ak eragin duen osasun larrialdia dela eta, neurri bereziekin eta ohi baino pixka bat beranduago irekiko da udako aisialdi gunea.

Aforoa izango da alde nabarmenetako bat: Eusko Jaurlaritzaren dekretuak instalazio hauetan erabiltzaileen %60a baimentzen du. Oiartzungo udako igerilekuaren kasuan, horrek esan nahi du gehienez 420 lagun egongo direla aldi berean eremuan.

Aforoaren egoera jakiteko, Udalaren webgunean (www.oiartzun.eus) begiratu ahal izango dute herritarrek.

Udako igerilekuak  eskaintzen dituen zerbitzuak (komunak, aldagelak, txirristak, taberna, terraza...) irekita egongo dira, unean uneko Osasun sailak emandako baldintzak errespetatuz. 

Igerilekura sartzeko eta tabernara joateko, musukoa derrigorrezkoa izango dute erabitzaileek. COVID19 gaitzari aurre egiteko Osasun Sailak ezarritako arau eta baldintzak aldatzen badira, udako igerilekuko arauak ere egokituko dira.

Tarifa merkeagoak denboraldi motzagoan

Udako igerilekuko tarifak egokitu ditu Udalak, denboraldia motzagoa izango delako. Irailaren 13an itxiko ditu ateak udako igerilekuak. Bitartean, ordutegiak hauek izango dira: uztailean 10:00etatik 21:00etara eta, abuztuan eta irailean 11:00etatik 20:00etara.

Denboraldiko bono familiarra 102,70 €izango da; 16 urtez goitiko banakakoa 77,05 € eta 6-16 urte arteko banakakoa, 51,35 €.

Banaka edo bosnaka sarrerak erosteko aukera ere izango da. Banakako sarreren prezioa hau izango da: 7,60 € (16 urtez goiti) eta 3,83 € (16 urtez beheiti). Sarrerak bosnaka erosiz gero deskontua izango da: 30,29 € (16 urtez goiti) eta 15,25 €(16 urtez beheiti). Bost urtez beheitiko haurrak dohainik sartuko dira.

Elorsoro kiroldegiko bazkideek euren bazkidetzan sartuta dute udako igerilekuko sarrera. Hauek, derrigorrez eraman beharko dute sartzeko pultsera. 

Trafikoa berrantolatuko da uda garaian

Ohi bezala, udako igerilekua irekita dagoen bitartean inguruko trafikoa berrantolatuko da. Honela, hilerritik Goizueta kalea bitarteko zatia norabide bakarrekoa izango da. Zirkulaziorako errail bakarra izango du eta bestea aparkatzeko izango da, oinezkoentzako espaloia libre utzi eta bide segurua bermatuz.

Sibeluts kalea (Haurtzaro Ikastolatik hilerrira doan bidea) izango da igerilekuko aparkalekura heltzeko bide bakarra. 

Gehigarriak

Udako igerilekuak 420 laguneko aforoa izango du