Kulturabirusak kultur ekitaldiak ekarriko ditu udan Oiartzunera

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Aurtengo uda berezia izango dela denok dakigu. COVID19ak eragin duen osasun larrialdi egoera dela eta, udako ohiko kultur jarduerak (auzoetako festak, xanistebanak...) bertan behera geratu dira, jende pilaketak saihesteko helburuarekin. Hala ere, Oiartzungo Udalak ez du nahi hori oiartzuarrek kulturaz gozatzeko eta, kultur eragile eta sortzaileek euren lana erakusteko oztopo izatea.

Horregatik, herriko eragile eta sortzaileen laguntzarekin, bihar bertan (uztailak 2) hasiko den Kulturabirusa zikloa osatu du Udalak. Ostegunetik larunbatera, uztaileko asteburu guztietan izango da zertaz gozatua Oiartzunen.

Abuztuan ere izango dira zenbait ekintza. Aurrerago emango dugu horien berri. Aurtengo udan ere kulturaz gozatzera gonbidatu nahi ditu herritarrak Udalak.

Bide batez, egitaraua osatzen lagundu duten herriko eragileei eskerrak eman nahi dizkie Udalak: Oiartzungo Feministen Asanblada, Biyurrienea, kultur eragileak (Organozaleak, Harri Beltza, Lartaun abesbatza, Oiartzungo Flauta Taldea...) eta herriko kultur sortzaileak. 

Emanaldiak, eragile eta sortzaileen arteko oreka

Antolatu diren ekitaldietan herriko kultur eragileek plaza izango dute egiten duten erakusteko: Lartaun abesbatzak, Oiartzungo Flauta Taldeak, Organozaleek... saioak eskainiko dituzte. Batzuk urteroko hitzorduak izango dira (Lartaun abesbatzarena edo Harri Beltzarena), eta beste batzuk, eskaintza berezia.

Horrez gain, garrantzia berezia eman nahi izan zaie herriko sortzaileei. Horrela, Hirutan biñaka zirkuitua antolatu da: aldi berean hiru gunetan saioak izango dira eta ikusleak batetik bestera joango dira, ordu laurden inguruko hiru saio motzez gozartzeko: poesia, dantza, musika, antzerkia, ilustrazioak...

Horrez gain, Erakusleiho ARTEan erakusketa egongo da bi astez herriko komertzioetan. Herriko artista plastikoen lanak erakutsiko dira herriguneko establezimendu txikietan. Eider Bergaretxe gidarekin bisita gidatua egiteko aukera izango da batetik bestera.

Ander Lizarralde eta Unai Muñoaren Erik eta Win emanaldiak ere izango du tartea egitarauaren barruan (berez, apirilean egitekoak ziren emanaldia, baina itxialdiarengatik bertan behera geratu zen). Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileen Bakean dagoena bakean utzi bakarrizketa ere itxialditik aterako da Oiartzunen, berriz martxan jarriz.

Herriko musikariek kantu-saioak eskainiko dituzte Kulturabirusaren baitan. Hauetako asko gazteak dira, etorkizuneko sortzaileak. Izan ere, herriko gazteek ere izango dute zertaz gozatua, Biyurrieneak prestatu duen eskaintzarekin.

Kulturarekin lotura zuzena duten emanaldi hauez gain, tailerrak izango dira (sukaldaritza, yoga...) baita haur eta familientzako propio pentsatutako ekimenak (mendi irteerak, ipuin kontaketak, ondarea ezagutzeko bisita gidatua...).

Helburua oiartzuarrek kultur disziplina ezberdinez gozatzeko aukera izatea da, baita adin-tarte guztientzako moduko egitaraua eskaintzea.

Herrigunean eta auzoetan izango dira ekimenak

Ekitaldi gehienak kanpoko eremuan egiteko pentsatu dira: Arizmendi lorategian, eliza ondoan, Ibargain parkean, Haurtzaro Ikastolan, Hipatia lorategian... Hala ere, eguraldi txarra eginez gero toki guztiek izango dute alternatiba estali bat (egitarauan zehaztuko dira ordezko tokiak).

Hortaz gain, helburuetako bat auzoetara ere kultur ekitaldiak eramatea izan da. Horrela, auzo ia guztietan izango da emanaldiren bat edo beste: Altzibarren, Arraguan, Ergoienen, Iturriotzen, Karrikan eta Ugaldetxon.

Aldez aurretik txartelak eskuratu beharko dira

Ekitaldi guztiak dohainik izango dira. Hala ere, COVID19ak eragindako osasun larrialdi egoeran jende pilaketak saihesteko, jende kopurua mugatua izango da.

Horregatik, herritarrek aldez aurretik txartelak jaso beharko dituzte. Gaurtik aurrera, Oiartzungo Turismo Bulegoan (Fermiñene etxea) jaso ahal izango dira, astelehenetik igandera 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Aste bakoitzean asteko horretako ekintzetarako txartelak jarriko dira eskuragarri.

Pertsonak bakoitzak ekintzako gehienez bi txartel hartzeko aukera izango du.

EGITARAUA:

Uztailak 2, osteguna:

18:00: Hatha yoga saioa (Iturriozko frontoian)

Uztailean egunero: Iya zein den oiartzunarrogo (Biyurrienean sare sozialetan)

Uztailak 3, ostirala:

19:00: Lur Kortaren ipuin-kontaketa (Kalexa plazan, Ugaldetxo)

Zer gertatzen da herrian? bideoklip erronkaren aurkezpena (Biyurrienean sare sozialetan)

Uztailak 4, larunbata:

19:30: Parramurritza: Nikole, Joxe Leon eta June kantuan (Arizmendi lorategian. Eguraldi txarrarekin: Udaletxeko areto nagusian)

Uztailak 9, osteguna:

18:30: Izaro eta Lohizune kantuan (Olalden -Altzibar-. Eguraldi txarrarekin: Udaletxeko areto nagusian)

Uztailak 10, ostirala:

19:00: Hiru biñaka. Herriko sortzaileen emanaldiak (Arizmendi lorategia, Ibargaingo parkean eta eliza ondoko plazan)

- Jon Martin, Ane Narbarte eta Iker Lauroba

- Edurne Agirrezabala

- Maider Zabalegi akustikoan

Uztailak 11, larunbata:

11:00: Mendi martxa kronometratua (Iturriozko frontoian)

19:30: Bakean dagoena bakean utzi: Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai (Arraguako frontoian)

Uztailak 16, osteguna:

17:00: Kolore festa. Gaia: Koronabirusa, ALAIARTen eskutik (Iturriozko frontoian)

18:30: Tailerra: Kaxa menstruala (udaletxeko areto nagusian)

Uztailak 17, ostirala:

19:00: Hiru biñaka. Herriko sortzaileen emanaldiak (Arizmendi lorategia, Ibargaingo parkean eta eliza ondoko plazan)

- Izar Aizpuru eta Alaia Gaztelumendi

- Eneko Gil eta Hatxe

- Alaia Martin eta Ainara Lasa

Uztailak 18, larunbata:

10:30/11:15/12:00/12:45: Pasta tailerra Zituenerekin (Karrikako frontoian)

18:30: Oiartzungo Flauta Taldea eta Bi Bemol (Arizmendi lorategian. Eguraldi txarrarekin: Udaletxeko areto nagusian)

Uztailak 23, osteguna:

18:30: Malen eta Ekain/June Galardi kantuan (Uztapide plazan -Ergoien-. Eguraldi txarrarekin: Udaletxeko areto nagusian)

Uztailak 24, ostirala:

12:00/17:30: Erakusleiho ARTEan bisita ibiltaria (Fermiñene etxetik abiatuta).

22:00: Erik eta Win (Haurtzaro Ikastolako anfiteatroan. Eguraldi txarrarekin: Elorsoro kiroldegian)

Uztailak 25, larunbata:

22:00: Lartaun abesbatza (Arizmendi lorategian. Eguraldi txarrarekin: Udaletxeko areto nagusian)

Uztailak 26, igandea:

11:00: Ondarea herrian (Doneztebe plazatik).

Uztailak 30, osteguna:

12:00: Iya zein de oiartzunarrogo finala (Haurtzaro Ikastolako frontoian)

Uztailak 31, ostirala:

19:30: Harri Beltzaren kontzertua (Elizako kanpandorretik)

Gehigarriak

Kulturabirusak kultur ekitaldiak ekarriko ditu udan Oiartzunera