Lanera bizikletan programa, txirrindaren eguneroko erabilera bultzatzeko

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Gure eskualdeak baldintza guztiak betetzen ditu bizikletaren eguneroko erabileran aitzindari izateko. Alde batetik, industrialde ugari ditu bizikletentzako bideetatik gertu daudenak, eta bestetik, eskualdearteko mugikortasuna oso handia da, kontuan hartuta etengabeko lekualdaketak izaten direla lantokietara,  Errenteriatik, Lezotik, Pasaiatik eta Oiartzundik. Atzo, gure herrian, Saltoki enpresa atzean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamentuak, Ingurumen departamentuarekin, Oarsoaldeko Garapen Agentziarekin eta Gurpil Artea elkartearekin batera, Lanera bizikletan proiektua aurkeztu zuten: Gipuzkoako enpresen artean bizikleten mugikortasuna bultzatzea helburu duen ekimena, lanera joateko eguneroko aukera izan dadin. Horien artean izan zen Eneritz Arbelaitz Oiartzungo Ingurumen zinegotzia. 

Oarsoaldea eskualdeko hainbat enpresatako langileek mugikortasunari dagokionez dituzten ohituren eta baldintzen azterlan bat biltzen du proiektuak, eta ekintzak proposatuko dira, errefortzu eta pizgarri izan daitezen, azterlan horren emaitzetatik. 

Rafaela Romero foru diputatuak adierazi duenez, orain duguna "aukera-leiho bat da eta aprobetxatu egin behar dugu bizikletaren sustapen-estrategiari bultzada nabarmen bat emateko, oraingo egoera kontuan hartuta, aukera ematen digulako garraiobide seguru, jasangarri eta osasungarriago batez baliatzeko, aglomerazio handiak saihesteko eta segurtasun-distantziak errespetatzeko". Gogora ekarri duenez, departamentuak dituen datuak ikusita, argi dago joera gora egiten ari dela bizikletaren alde, eta diputatuak dei egin du "aukera hau aprobetxatzeko mugikortasun jasangarriaren oinarriak irmotzeko, garraio publikoa eta bizikleta funtsezko oinarritzat hartuta".

'Lanera bizikleta' proiektua ardatz batzuen bitartez hedatzen da

Batetik, Gurpil Artea elkarteak diagnostiko bat egingo du industrialdeen ezaugarriei buruz (sarbideak, kokapen geografikoa, distantzia hiriguneetara, sarbide posibleak bizikleta eta oinezkoentzat, argiteriaren egoera, seinaleztapena, puntu arriskutsu posibleak etabar) eta aldi berean, Oarsoaldea garapen agentzia harremanetan jarriko da enpresa hautatuekin (20-30 izango dira) aurrez aurreko elkarrizketak egiteko mugikortasuneko ohiturei eta eskariei buruz. Informazioa biltzeko fase hori herritarrei online egingo zaizkien beste inkesta batzuekin osatuko da.

Lehen fase horren ondoren, jardun egokien dekalogo bat landuko da, enpresak gidatzeko beren ohiturak molda ditzaten, baita instalazioei buruz ere, lekualdaketak bizikletaz egitea sustatzeko. Material hau Oarsoaldea eskualdeko garapen agentziak hedatuko du.

Ikasbide horiek enpresa pilotu batean hasiko dira aplikatzen. Hala, enpresa horrek laguntza zuzena jasoko du proiektuaren garapenean, hauek barne: ekintzak, bizikletaren gaikuntza, mekanika eta mantentze ikastaroak, aholkularitza eta laguntza pertsonalizatua. Aurreikusita dago, ibilbide luzeetarako edo desnibel handiagoa duten horietarako, aldi jakin baterako bizikleta elektrikoak eskaintzea, mailegu gisa, Energiaren Euskal Erakundearen lankidetzari esker.

Gainera, Mugikortasun departamentuak bizikletentzako bere aparkalekuak eskainiko dizkie nahi duten enpresei.

Lankidetza Don Bosco institutuarekin

Proiektu honen esparruan Errenteriako Don Bosco Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak ere parte hartzen du, eta ekimen honen zerbitzura jarriko ditu Goi Errendimenduko Ikasketak zikloak, ETHAZI deituak. Ziklo horietako irakaskuntza-ikaskuntza prozesua erronken gaineko eredu kolaboratibo batean oinarritzen da; hala, 2020/2021 ikasturtean bizikleten aparkalekuak diseinatzea eta eraikitzea hartu da erronkatzat, eta halakorik eskatzen duten eskualdeko enpresetan jarriko dira.

Gehigarriak

Lanera bizikletan programa, txirrindaren eguneroko erabilera bultzatzeko