Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Atzo iraileko ohiko udalbatzarra izan zen. Besteak beste, 2021eko zergen ordenantza behin-behinean onartu zen: tasak eta prezio publiko guztiak mantenduko dira, Elorsoro kiroldegiko tasa izan ezik. Hori %2 igoko da, bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko.
EH Bilduko Gobernu Taldearen aldeko botoekin onartu zen ordenantzan. EAJ abstenitu egin zen. Rafael Bergaretxe zinegotziaren arabera, "logikoa iruditzen zaigu planteatzen duzuena, baina beste urteetan bezala, hondakinen tasarengatik abstenituko gara".
Euskaraldian parte hartuko du Udalak
Euskaraldiarekin bat egin du Oiartzungo udalbatzarrak, ahobatez. UEMAren adierazpen instituzionala bere egin dute Oiartzungo udalbatzarra osatzen duten bi alderdiek, eta entitate gisa parte hartuko du Udalak azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango den Euskaraldian.
Kanpo eta barne Ariguneak sortzeko konpromisoa hartu du Udalak.
Mendiburu 14, hilabeteko etenaldian lur mugimenduengatik
Mendiburu 14ko lanak behin-behinean geratzeko motiboen berri ere eman zitzaion atzo udalbatzarrari. Mendiburu 14ko eraikin berriaren lanek eragindako lur mugimenduek San Esteban elizan pitzadura sortu dute eta balorazio teknikoak egin ondoren, obran hilabeteko etenaldia egingo da "estabilizatzeko". Bitarte horretan eliza eta Mendiburu 14 eremua egonkortzeko neurketak eta jarraipen-lanak egingo dira. San Esteban parrokiako organoaren desmuntatzea ere aurreratu da egoera honengatik, Agustin Lekuona Hirigintza zinegotziak azaldu zuenez, "ondarea zaintzeko".
Gurutzen sustapen pribatuko zortzi etxebizitza eraikitzeko xehetasun azterketa ere onartu zen ahobatez, jendaurrean egon den bitartean alegaziorik ez baitu jaso.
Abuztuko eta iraileko protokolo gastuak
Behemendi landa-garapenerako elkartearen estatutuak aldatu eta udalaren berezko baliabide izendatzea onartu zen ahobatez.
Elizalde Herri Eskolan 2019/2020 ikasturteko Eskola Kirola, Muittu! eta eskolaz kanpoko jardueren koordinazioa bideratzeko 17.700 €ko hitzarmena aldatzea ere onartu zen, ahobatez. Orain arte, Udalak Elizalde Herri Eskolarekin sinatzen zuen hitzarmena, baina eskola publikoek ezin omen dutenez zuzenean hitzarmenik sinatu, eta horregatik, hitzarmen hori bera Elizaldeko Guraso Elkartearekin sinatuko du Udalak.
Abuztuko protokolo gastuak 1.195,57 euro izan ziren lore eta eskela, bidaia eta garaikurretan. Irailean, berriz, ez da protokolo gasturik izan.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika