Lanbarrenen SJL-k duen eremua inbertsio fondo bati saldu diola jakin du Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Oiartzungo Udalak atzo jakin zuenez, San Jose Lopez JSL SA logistika enpresak orain arte Lanbarren poligonoan erabiltzen zuen eremua inbertsio fondo bati saldu dio. Enpresako zuzendaritzak baieztatu dio salmenta Udalari. Oiartzungo Udalaren lehenengo kezka bertako langileen egoera da eta enpresako zuzendaritzak adierazi dio bere jarduera mantendu nahi duela Oiartzunen edo eskualdean; horretarako kokapen berriak aztertzen ari dira.

Eremua logistikarako baimendua den lekua denez, Udalak ezingo dio inolako baldintza gehigarririk ezarri eremu hori erabilera horretarako erosten duen enpresari. Era berean, Udalak badaki Amazon enpresa estatubatuarrak interesa duela eremu hori erabiltzeko. Enpresa honek Oiartzunen jarduera ekonomikoa martxan jartzeko, beste edozein enpresak bezala, jarduera tramitatu beharko du. 

Merkataritza ttikiaren aldeko jarrera berresten du Udalak

Egoera honetan, merkataritza ttikiaren aldeko jarrera berresten du Udalak. Kontsumo-ereduak asko eta azkar ari dira aldatzen azkenaldian. Internet bidezko erosketen kopurua asko ari da hazten azken hilabeteetan eta joera horrek Oiartzungo Udala kezkatzen du. Izan ere, salmenta-mota horrek gehien kaltetzen duena komertzio ttikia da. 

Oiartzungo Udalarentzako, herriko komertzio ttikia suspertzeko ekimenak eta elkarlana lehentasunezkoa da. Hori dela eta, besteak beste, Itturri Merkataritza Elkartearekin zuzeneko harremana dauka Udalak. Herrian kontsumitzeko kanpainak egin eta laguntzeaz gain, COVID19 larrialdi-egoeraren eraginarengatik kanpainak eta diru-laguntzak bideratu dizkio merkataritza ttikiari.

Merkataritza ttikiak bizitza ematen die auzoei eta herriari. Ezinbestekoak dira herri-bizitzarako. Horregatik, Udalak, egungo kontsumo-joera basatiaren aurrean, merkataritza iraunkor eta ttikiaren aldeko apustua berresten du eta oiartzuarrak euren erosketa-ohituren inguruan hausnartzera eta merkataritza ttikia babestera animatu nahi ditu.