Oiartzungo akta zaharrak: Etxeratze aginduak edo kera deiak (II)

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

ETXERATZE AGINDUAK edo KERA DEIAK: HISTORIAREN ILDOAK ERREPIKATUZ II

Tabernak, jopuntuan

Tabernei lotutako lehenengo xedapenetan alkohola baino, beste jardun bat zen bereziki arriskutsutzat jotzen zena: jokoa. 1501eko ordenantzak, XVI. mendeko erregearen arauekin batera, jokoa arautzen saiatu ziren. Mende eta erdi beranduago, arazoak bere horretan zirauen, 1658ko urtarrilean udalbatzak adostutako neurria aintzat hartzen badugu. Orduko hartan, tabernetan zeuden pertsonei kartak jai-egunetan eta arratsaldeko zazpitatik aurrera banatzea debekatu zen: "Que las taberneras no alteren el preçio del bino a más de lo que está rematado y que no den naipes a los que asisten en sus casas después de las siete de la noche y los días de fiesta asta acabar los dibinos ofiçios".

Erabaki horrek ez zuen etxeratze-aginduaren aipamen zuzenik, baina lerro artean, eta hurrengo hamarkadetako datuak aintzat hartuta, halakorik ez bazegoen, horretarako oinarriak jarri zituen behintzat. Hala, arratsaldeko 19:00etan bailarako biztanle eta auzo guztiek beraien etxeetan bilduta egon behar zutenaren aipamenik egiten ez bazen ere, tabernek ordurako itxi behar zuten; eta tabernen itxialdiak kera-deiarekin lotura zuzena izan zuela aintzat hartzen badugu, etxeratze-agindua ordu horretan ezarri zela pentsatzea zilegi da.

Zehaztapen interesgarri bat sartu zen 1664ko urtarrilaren 18an. Lehenengo informazio esanguratsua data da, ez baitzen urte hasierako bileraren baitan adostutako neurri bat, pixka bat berandu hartutakoa baizik. Ondorioz, arazo berriren bati erantzuna emateko xedapena dirudi. Bigarren kontu azpimarragarriak ordutegiarekin zerikusia du, malgutu egin baitzuen, arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara atzeratuz: "no den naypes desde las ocho de la noche en adelante". Horrek, etxeratzeko orduaren baitan nolabaiteko eztabaidak izan zirela isla dezake, jendea ez zegoela ordura arte indarrean ezarritakoarekin guztiz ados. Hala, hori atzeratuz, jendearen haserrea apalduko zen.

Hasierako urte hauetan neurriak bere horretan mantendu ziren, eta taberna zen gobernu onerako autoen protagonista nagusietako bat. Alkoholaren kontsumoa baino, jokoa zen mandatarien buruan zegoena. Ordutegi kontuei dagokienez, tabernen jardunari estuki lotuta zeuden, etxeratze-agindu orokor bati aipamenik egin gabe. Hala, tabernari eta ostalari lanetan ziharduten emakume zein gizonezkoei zuzendu zitzaien neurririk errepikatuena, kera-deiaren ondoren bertan zeudenei naipeak emateko debekua izan zen. Horrez gain, ezin zuten inor hartu, are gutxiago sozialki arriskutsuak izan zitezkeenak. Debeketatu zegoen erre-xedapenek jazarritako armak soinean eramatea, bereziki etxeratze-aginduaren ondoren, eta ostalari eta tabernariei halakorik zutenak hartzea debekatu zitzaien.

Baina luze jo gabe gauzak aldatzen hasi ziren, kontrola areagotuz. Ziurrenik aurreko urteetan argitara emandako xedapenek ez zuten uste bezain erantzun onik izan eta, ondorioz, kera-deiari lotutako erabakia sartzen hasi ziren urte hasierako xedapen-multzo horretan. Lehenengo aldiz 1647ko urtarrilaren 1ean dugu. Esan bezala, aldez aurretik sartua zegoelakoan gaude, nahiz eta tabernen jardunarekin lotuta bakarrik azaldu. Orduko hartan, ordea, etxera biltzeko aginduaren baitan zehaztapen batzuk gehitu ziren:

"Bailara honetan sortutakoak zein bertako auzoak eta biztanleak beraien etxeetara bil daitezela, Pazkora arteko epean gaueko zortzietan eta hemendik aurrera bederatzi eta erdietan, horretarako kanpai nagusia hamabi aldiz joko delarik, geldialdi moduan, beloizko bi dukaten eta zortzi eguneko kartzelaldiaren zigorpean".

Azken finean, tabernarien erantzukizunaz gain, bezeroen beraiena zegoen. Mozkortzea ez zen bentariaren errua, edaten zuenarena baizik. Hori dela eta, 1680tik aurrera, kera-deiari lotutako neurriak bi multzotan bereiztuko dira lerro nagusienetan. Batetik, ostatu eta tabernen jarduera mugatzen zuten neurriak izango ditugu, alkohola eta joko banaketari eta jendea hartzeari lotutakoak. Bestetik, etxeratze-agindurako dei orokorra azalduko da, bailarako biztanle eta auzo guztiei zuzendutakoa.

Ezkilek ordua ematerakoan, jende guztiak tabernak utzi eta etxeetara joan behar zuen. Biltze hau isil-isilik egin behar zen, inolako zalapartarik gabe. Alkoholaren eraginak, neurrien haserreak edo dena delakoak, ordea, isiltasun hori zail egiten zuen. Modu honetan, gauez oihukatzea debekatu egin zen. Bigarrenik, baziren bestelako protagonista batzuk: danborjole eta danbolinjole edo txistulariak.

Arau nagusi gisa, elizkizun garaitan jotzea debekatzen zitzaienm baina izan ziren Abemaria garaitan, iluntzean, beraien jarduna galarazi zuten mandatuak. Aurrekariak 1682 urtean ditugu, baina orduan, ingurumari jakin bati latuak zeuden. Gerora, debekua urte guztira zabaldu zela ematen du eta 1698ko abenduaren 31n, Abemarien ondoren eta meza garaitan jotzea galarazi zitzaien, bi dukat eta zortzi eguneko kartzela-zigorpean: "que después de las Abemarías ni en tiempo de los dibinos ofiçios los tanboriles no tañan y zesen, so pena de dos ducados y ocho días de cárcel a los tamboriles".

Neurri hauek guztiak ez ziren berehalakoan eman, arazoak sortzen joan ziren heinean baizik. Agiriek zenbait berrikuntza, aldaketa edo zuzenketaren berri ematen digute, tartean, eta gure egungo egoeran arrotza ez dena, ordutegiarena.

AURREKOAK:

Jokabide aproposak eta ordena publikoa bermatu nahian (I)

Gehigarriak

Oiartzungo akta zaharrak: Etxeratze aginduak edo kera deiak (II)