Oiartzungo akta zaharrak: Etxeratze aginduak edo kera deiak (III)

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

ETXERATZE AGINDUAK edo KERA DEIAK: HISTORIAREN ILDOAK ERREPIKATUZ III

Ordutegi aldaketa

XVI-XVIII. mendeetako gizartean indarrean zegoen egutegian, erlijioa (kanpai-hotsak tartean) eta urtaroak ziren urtea banatzen zutenak eta hala ikus dezakegu kera-deiaren kasuan ere. Hainbatetan urtaroen araberako bi multzo azalduko zaizkigu: udako egutegia eta negukoa. Beste batzuetan, berriz, erlijioa izango da ildoa goldatuko duena. Kasu honetan, mugarria Pazko eguna edo garaia dugu. Jakina denez, Pazkoa egutegi kristau-katolikoaren araberako sasoia da, ilargi-zikloaren araberakoa; zehazki, udaberriko ekinozioaren ondoren ematen den lehen ilargi-betearen aurreneko igandea da Pazko eguna. Ondorioz, ez du data finkorik, ilargiaren faseek martxo amaieratik apirila amaiera artean mugitzen baitute. Garai horretan egunak dezente luzatzen dira eta, beraz, udazken-neguko iluntasunetik aterata, egunaren argiaz gozatzeko aukera gehiago daude. Oiartzunen, Pazkoa aipatzen denean ez da bestelako datarik adierazten, urtaroetan ez bezala. Dena den, badakigu ospakizun hori ardatz hartzen zuten bestelako kontuek San Migel eguna zutela beste muturrean, udazkena zetorrenean, gutxi gorabehera. 

Bi multzo horiek finkatzen zuten etxeratze-agindua, ordutegia bata eta bestearen arabera moldatuz. Kera-dei orokorraren aipamen zehatza agertzean, 1674 urrun horretan, etxeratze agindua 20:00etan ezarri zen Pazko egun arte, hots, udazken-neguan, eta hortik aurrera, udako ordutegian, 21:30ean. Gerora, 1705ean egutegia finkatu zenean, aldaketa txiki bat emango da. Negukoak bere horretan jarraituko duen bitartean, udakoa ordu erdi aurreratuko da, 21:00etan jarriz. Gobernantza partekaturik ez zegoenez, herri bakoitzeko udal ordezkariek hori aldatzeko aukera zuten. Hori, ordea, ez zen ordutegian eman zen aldaketa bakarra izan.

UrteaNeguaUda
1658-166219:00 (tabernen itxiera)19:00
1665-167220:00 (tabernen itxiera)20:00
1674-168320:0021:30
1686

18:00 (morroiak)

20:00 (auzoak)

20:00 (morroiak)

21:30 (auzoak)

1691

Abemaria (morroiak eta semeak)

Kera-deia (auzoak)

Abemaria (morroiak eta semeak)

Kera-deia (auzoak)

1692

19:00 (morroiak eta semeak)

Kera-deia (auzoak)

20:00 (morroiak eta semeak)

Kera-deia (auzoak)

169320:0021:00
1694

19:00 (morroiak eta semeak)

Kera-deia (auzoak)

20:00 (morroiak eta semeak)

Kera-deia (auzoak)

1695

Abemaria (morroiak eta semeak)

Kera-deia (auzoak)

Abemaria (morroiak eta semeak)

Kera-deia (auzoak)

169620:0021:00
1697

Abemaria (morroiak eta semeak)

Kera-deia (auzoak)

Abemaria (morroiak eta semeak)

Kera-deia (auzoak)

1699-1701Kera-deia (guztiak)

20:00 (morroiak)

Kera-deiak (auzoak)

1702

Abemaria (neska-mutilak)

Kera-deia (guztiak)

Abemaria (neska-mutilak)

20:00 (morroiak)

Kera-deia (guztiak)

1704Kera-deia (guztiak)

20:00 (morroiak)

Kera-deia (auzoak)

1705-173220:00 (=kera-deia) (guztiak)21:00 (=kera-deia) (guztiak)

Taulari lotutako oharra: Abenduaren 30 edo 31n emandako aginduak hurrengo urtekotzat hartuko ditugu, urte politikoa abenduaren 26an hasten baitzen. Bestalde, 1693 eta 1696an morroi eta mutilei aipamen egiten zaie, baina inolako ordutegi propiorik gabe.

Aipatu dugun moduan, etxeratze-aginduaren aipu zehatza izan aurretiko garaian, hau da, 1658-1672 artean, orduaren kontuak taberna giroari lotuta zegoen. Ordutegiaren aipamena tabernan naiperik ez banatzeko aginduetan azalduko zaigu. 1658ko urtarrilaren 1ean, debeku hori arratsaldeko 19:00etatik aurrera ezarri zen. Arau honek hainbat urtez indarrean jarraitu zuen. Hala aditzera ematen dute 1660 eta 1661eko kasuek, non, muga "ilundu ondoren" ("después de anocheçido") jartzen baitzuten, hau da, Abemaria garaian. Garai horretako agirietan azaltzen denez, Abemaria iluntzeko 19:00etan zegoen ezarrita, bai behintzat, neguari dagokionean. Baina, nonbait, hasierako ordutegi hau eskasa iruditzen zitzaien Oiartzungo agintariei, eta 1670eko hamarkada erdialdean gehiago zabaldu zuten.

Aldaketa hauez gain, oso interesgarria da ordutegiak zuen isla soziala. Urte batzuetan gizatalde desberdinen arabera antolatua zegoen. Hasiera batean, 1686-1704 artean, morroiak eta gurasoen agintepean zeuden mutilek ordutegi murriztuagoa izan zuten. Nagusiek baino ordutebete lehenago bildu behar zuten etxera, Abemaria garaian. Bestela esanda, kera-dei nagusia 20:00 eta 21:00etan (edo 21:30ean) zen bitartean, morroiek eta gazteek udan 19:00etan egon behar zuten etxean eta neguan, berriz, 20:00etan.

Horrez gain, izan zen bestelako moldaketa edo gorabeherarik. Lehenengo aldaketa 1686-1688 artean dugu. Ordura arte morroien neguko ordutegia 18:00etan ezarrita zegoen eta urte horietan 19:00etara luzatu zen, hori egiteko arrazoiak ezezagunak zaizkigularik. Beranduago, 1693 eta 1696ko ekitaldietan, nahiz eta morroi eta mutilak kera-dei agindu orokorrean aparte aipatu, aipamen horrek ez zuen ordutegiaren aldetik ageriko desberdintasunik ekarri, hau da, etxeratzeko garaia guztientzako berdina zela ematen du: "Que todos los vecinos y moradores de este dicho Valle, de cualquiera calidad que sean, y especialmente los mozos que siruen a sus amos y los que estubieren deuajo de la patria potestad, se recojan a a sus casas, a sauer, de ybierno para las ocho oras de la noche y de berano para las nuebe, y en esta oras se dará la queda, pena de dos ducados y ocho días de cárcel por cada bez".

Alabaina, bi aipamen horiek kenduta, morroiek ordubete lehenago etxeratu behar zuten, eta hala izan zen 1698ko abendura arte. Orduko agintaldian beraien ordutegia beste biztanleek zutenarekin parekatu zen, esparru horretan nolabaiteko mugarria finkatuz. Horren lekuko ditugu handik gutxira, 1699ko abenduan, edota hamar urte beranduago, 1711n, adierazitakoak:

"Atento sus merçedes han considerado que de la yntroduzión y rigurosso precepto que obserbaban en otros años de las multas con pretesto de la queda se an experimentado muchas ynquietudes entre los vezinos nobles de él, y con el deseo de conserbar el pueblo en paz y quietud conforme el decreto del ayuntamiento general echo el año pasado de nobenta y ocho declarando cómo se auía de entender dicho precepto de la queda y comforme las leyes del reyno, hordenan y mandan sus mercedes que los mozos que están a soldada y los que están debajo de la patria potestad se recojan para la ora de la queda en el ybierno y en berano, como se obserbaba antes".

Kera-deiaren aitzakiapena ezarritako isunek sortutako hika-mika horien arrasto dokumental agerikorik ez dugu topatu, baina beste zantzu batzuk badira, urte eta erdi lehenagokoak. Oiartzungo udalbatzak bikarioari idatzi bat zuzendu zion  1697ko ekainaren 1ean, hainbat erabaki elizan aditzera eman zitzan. Horien artean etxeratze-aginduari lotutako bat zegoen. Agidanez, kanpaiek etxera joateko deia ematen zutenean, auzune batekoak besteetara zihoazen taberna, ostatu edo lekuren bat irekita aurkitzeko itxaropenaz. Honek arazo eta kalapitak sortzen omen zituen ("ocasiones y desórdenes en la república") eta hori saiheste aldera, emakume-tabernariei gogorarazten zitzaien kera-deitik kanpo ezin zutela ez jenderik onartu, ezta bertaratzen zirenei ardo eta sagardorik saldu ere.

Arazo horiek 1698 bukaeran morroiei orudtegi malguago bat ematearen oinarrian zeuden ala ez, ez dakigu. Agian, agintariek, eragozpenak ordutegi malguago batekin konponduko zirelakoan zeuden .Edonola ere, argi dago morroi eta mutilen taldeak zaintza eta ardura berezia ekarri zuela. Urte batzuetan kera-dei agindua morroiei berariaz zuzendu zitzaien eta ez Bailarako biztanleei, 1707, 1708 eta 1709ko urtarrilean ikus daitekeen moduan. Dena den, kasu hauetan ere 20:00 eta 21:00etako edaririk ematea debekatu zieten. Horrez gain, bertan zeudenak kaleratu behar zituzten eta eragozpenen bat izanez gero, tabernariek udalbatzari arazoaren berri eman behar zioten: "que las taberneras después de la dicha queda no admitan a  ninguna persona en sus taberna (...) y si se les resistieren en no querer salir, den quenta a los señores del gobierno".

Edonola ere, eta arazoak arazo, 1705etik aurrera guztiek ordutegi bera izan zuten: neguan 20:00etan eta udan 21:00etan.

AURREKOAK:

Jokabide aproposak eta ordena publikoa bermatu nahian (I)

Tabernak, jo-puntuan (II)

Gehigarriak

Oiartzungo akta zaharrak: Etxeratze aginduak edo kera deiak (III)