Oiartzungo akta zaharrak: Etxeratze aginduak edo kera deiak (IV)

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

ETXERATZE AGINDUAK edo KERA DEIAK: HISTORIAREN ILDOAK ERREPIKATUZ IV

Eramateko edaria

Kera-deiak eta tabernek lotura estua zuten garai bateko Oiartzunen. Halako guneetan iluntzean izaten zen giroa nolabait zuzendu edo txukundu nahi zen, ostalari, bentari edo tabernarien lana zorrozki zainduz. Alabaina, muga hauetatik harago, profesional horiek bazuten negozioarekin jarraitzeko aukerarik.

Tabernari lanetan ziharduten gizon zein emakumeek, kera-deiaren ondoren ardoa eta sagardoa saltzea debekatua zuten. Garai hartan, ordea, bazegoen arima pizten zuen hirugarren likido bat: pattarra. Honekin beste biekin lortutako debeku bera burutzen saiatu ziren Oiartzungo agintariak, 1693ko urtarrilean, adibidez. Baina handik urtebetera pattarraren salmenta baimendu zen, baldintza bakarrarekin: saltzen zen pattar hori, erosleak bere etxean edateko izan behar zuen; eramateko edaria formularen aitzindaria. Bakoitza etxetik joango zen bere pitxer, edalontzi, zahado edo larruekin eta, agian, baita ura eta esnetarako erabiltzen ziren suilekin ere, ontzi horietan guztietan pattarra etxean edo etxea bidean edateko asmoz.

Edari eramangarriak hainbat urtez egon ziren indarrean, 1694-1699 artean dokumentatua dugularik. Alabaina, azken urte horren bukaeran debekua berriz ezarri zen eta geroztik etxera eramateko zerbitzu hori desagertu egin zela dirudi. Salbuespena, eta edari guztiei zabaldua, 1715ean dugu, non ardo, sagardo eta pattarra banatzen duten emakume-tabernariei, kera-deiak jo ondoren halako elikagairik inori ez ematea agintzen zitzaien, beraien etxeetarako eskatzen zutenak salbu:

"dicha pena... se les manda a las taberneras de vino y sidra y aguardiente que después de dada la queda no den ninguno de estos alimentos a ninguna persona si no es a los que pide pa sus casas".

Beste hainbatetan bezala, udal-aktek ez digute aldaketa hauen zergatiaren ageriko arrazoirik ematen. Azken finean, tabernariek ahalik eta negozio onena egiteko prest egongo ziren eta udalbatzaren erabakiek sal zitekeen likido kopuruaren inguruan ageriko aipamenik egiten ez zutenez, ahal zuten gehiena (eta salneurririk garestienean) salduko zuten, etxean mozkortzeko arriskua areagotuz.

AURREKOAK:

Jokabide aproposak eta ordena publikoa bermatu nahian (I)

Tabernak, jo-puntuan (II)

Ordutegi aldaketa (III)

Gehigarriak

Oiartzungo akta zaharrak: Etxeratze aginduak edo kera deiak (IV)