Altzibar auzoko urbanizazio lanak egitera 1.600.000 € bideratu ditu Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Otsaileko udalbatzarra izan zen atzo, eta ahobatez onartu ziren aztertutako gai guztiak. Horien artean, Altzibarko urbanizazioaren berritze lanak egiteko 1.600.000 € bideratzea onartu zen. Aurten, milioi bat euro jasoko dira lanak egiteko eta 2022an, beste 600.000 €ak. Hain zuzen ere, Udalaren asmoa Altzibarko urbanizazio lanak bi urte hauetan egitea da (proiektua idatzita dago eta laster esleipen fasea hasiko da).

2020ko aurrekontuaren likidazioaren berri ere eman zen. Jon del Olmo Ogastun zinegotziak azaldu zuenez, iazko urtea 600.000 €ko superhabitarekin bukatu du Oiartzungo Udalak. "Aurrekontu gorabeheratsuak izan ziren iazkoak COVID19 pandemiarengatik, baina azkenean, Udalak egindako kontentzio lanarengatik eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Foru Funtsa uste baino gutxiago murriztu delako, uste baino hobeto bukatu da urtea". Hasiera batean, Foru Funtsak udalei emango zien diru-kopurua %20 murriztuko zela aipatu zen; azkenean, %9koa izan da.

Kultur ekintzak antolatzeko emango diren dirulaguntzak onartu ziren (19 talderen artean, 43.500 € banatu dira) eta kirol elkarteentzako dirulaguntza deialdia onartu zen (41.000 € bideratuko dira kirol elkarteen funtzionamendua laguntzeko). Iaz eman ziren dirulaguntzen berri ere eman zen.

Arraztalo Elkarteak 53.000 € jasoko ditu aurten buru gaixotasunak ditutzen oiartzuarren gizarteratze eta bizi kalitatea hobetzen lanean jarraitzeko. 

Otsaileko protokolo gastua 256,5 € izan da.

Gehigarriak

Altzibar auzoko urbanizazio lanak egitera 1.600.000 € bideratu ditu Udalak