Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
IRAGANEKO TOPONIMIA EDO LEKU IZENETAN SAKONDUZ (I)
Aspaldiko agiriek anitz gauzaz dihardute. Haien bidez jorra daitezkeen gaiak ia amaiezinak dira. Ez dute Historian murgiltzeko bakarrik balio; hein batean edo bestean, esparru edo diziplina desberdinek ezagutzan sakontzeko erabil ditzakete. Horietako bat, zalantzarik gabe, toponimia edo lekuen izenei lotutako arloa da. Itzal handiko esparrua dugu gurean, eta ia herri denek, modu batera edo bestera, inguruko leku-izenei buruzko lanak garatu dituzte.
Ikerkuntza horiek burutzeko, adituek bi iturri mota darabiltzate: ahozkoak eta idatziak. Azken hauetan ematen dira mugarik nabarmenenak, izan ere, toponimian adituak direnen gehienek ez dute paleografia trebakuntza handirik. Ez daude aspaldiko hizki moldeetara ohituta eta, ondorioz, behin baino gehiagotan ez dira gai garai jakin batzuetako agiriak ondo irakurtzeko. Nagusiki, arazo hauek idatzirik zaharrenetan gertatzen dira, baina XVII. mendeak ere ataka larriak eragin ditzake.
Eragozpen horiek interpretazio arazoak sor ditzakete. Erabilitako iturrien arabera baina baita iturri horien erabileraren ondorioz ere, leku-izenaren kronologia, toponimo bakoitzak aurkezten dituen aldaerak edo hauen kopurua arras alda daiteke. Honela, ordura arte bildutako toponimia osa dezakegu, baina baita, eta ziurrenik ekarpen adierazgarriena izan daitekeena, toponimia berria topatu ere.
I. Oiartzungo udal aktak, iturri garrantzitsua
Oiartzun aipatu ditugun zenbait prozesuren erakusle da; batetik, toponimia lanak argitaratuak dituen herria da; bestetik, plazaratu diren emaitzetan errealitate paleografikoaren ondorioak nabarmenak dira. Udal aktak apenas erabilitako iturriak dira: bi besterik ez (1898-1901 epekoak).
Behin baino gehiagotan aritu gara udal akta liburuek dakarten berezitasunaz. Egoera hau bereziki azpimarragarria da edukiari dagokionean, sortak ez baitaude udalbatzaren batzarrez bakarrik osatuak; bilera horien erregistroak bolumenaren portzentaia oso txikia osatzen dute, baina, behintzat, XVII. eta XVIII. mendeetan. Hori dela eta, akta liburu bezala har daitezkeen sorta horietan bestelako idatzi ugari txertatzen dira.
Eduki berezi horrek aberastasun gehigarria ematen die aktei, baita toponimia biltzeko garaian ere. Liburu horietan josita dauden dokumentuen artean leku-izenak aipatzen dituzten anitz daude, hala nola, bailako auzoek udalbatzari zuzendutako eskaerak. Eskatzaileek zuhaitzetako egurra eta zura mozteko asmoa agertzen diote udalbatzari, edota teilerietarako erregai gisa zerabilten otea hartzeko eskakizuna. Hori guztia pagotxa da toponimiarako, hornigai horiek nondik atera nahi dituzten adierazi ez ezik, zertarako izango diren edo non erabiliko dituzten adierazten baitute. Batzuetan, eskaera oso xumeak dira eta ez dute informazio handirik ematen: 1711ko otsailean, adibidez, Sebastian Intxaurrandietak pago bat mozteko eskaera luzatu zuen, bestelako daturik eman gabe. Hogei urte lehenago, aldiz, Pedro Aranbururen erreguek informazio gehiago ematen zuten. Bere Lerinenea etxeko dolareek zura behar zuten eta horretarako, Eldoz etxe ondoko Martiniratzebaki edo Martieiratzuebaki barrutian zeuden hiru zuhaitz lepatu, zaharrak eta erreusak zirenak, erabili nahi dituzen; antzeko adibidea ematen digute San Juan Etxebestek 1721ean aurkeztutako asmoek. Ondorioz, leku izen ugari ager ditzaketen agirien aurrean aurkitzen gara.
Aberastasun honek balio gehigarria du, hainbat eta hainbat izen ez baitira Oiartzunek dituen toponimia-tresnetan ageri eta, hori dela eta, udal-aktek duten balioa azpimarratu nahiko genuke. Horretarako ohar pare bat egingo ditugu: lehenengo, datozen lerroak udal-akten hustuketa-lanean oinarritzen direla soilik. Horrek muga nabarmenak dakartza. Begirada iturri horretan bakarrik jartzean artxiboko beste sail batzuetan edo udal artxibotik kanpoko dokumentuak baztertu dira. Halaber, aipamen hutsak egingo ditugu, izen bakoitzaren testuingurua eta datuak baztertuz (kokapen zehatza, ondasun mota edo jabea).
Erabiliko dugun iturria partziala da. Zerhakako datuetan lor daitezkeen aipuak, batzuetan aipamen zuzenak baino zaharragoak izan daitezkeenak, baztertu ditugu. Datu hauek hustuketa prozesuan aurkitutakoak dira: 1658-1732 kronologian kokatzen dira. Ez dira erabil daitezkeen iturri bakarra edo aspaldikoena (horren lekuko, 1499ko ondasunen errolda), baina hala izanik ere, bildutakoa nahiko adierazgarria da.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika