Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
IRAGANEKO TOPONIMIA EDO LEKU IZENETAN SAKONDUZ (II)
Kronologia berriak: toponimo ezagunen bizitza aurreratuz
Orain arteko lanei udal-akten informazioa gehituz eratzen den lehenengo multzo nagusia, dagoeneko bilduta dauden leku-izenek osatzen dute. Iturri horretan datu gehiago topa daitezke. Nabarmenenak kronologiari dagozkio, alegia, orain artean jasotako aipuak baino zaharragoak aurkitzea.
Udal-akten hustuketari lotutako lehenengo emaitzak nahiko adierazgarriak dira: 164 toponimo ezagunen kronologia aurreratzea ahalbidetu dute. Behin-behineko kopuruak dira. Zerrenda egiterakoan hainbat baztertzea erabaki da: Militxorekin zerikusia izan dezakeen Miliko (?) (1715); Zubizabalen tankera duen Txibitxabal (1717); akaso Portuberrirekin lotuta dagoen Portuetxeberri (1710); Bidabietaren itxura duten Beobita edo Beobieta (1682); edo Uztalekura garamatzan eta 1708an ikusten dugun Uztarleku. Harreman horiek zuzenak balira, toponimo horien bizitza uste baino lehenago hasiko litzateke. Nabarmenena Uztaleku genuke, bere lehenengo aipua 232 urte aurreratuz.
Zerrendari dagokionez, hasieran, kronologia aldeak oso nabarmenak ez direla pentsa daiteke. Hala, 50 urteko epeak hartzen baditugu, talde handiena 51-100 urte dituena da (ia %43), eta horri 50 edo gutxiagoko kronologia aurrerapena ekarri dutenen multzoa batuz gero, portzentaia guztiaren %66,46 osatzen dute.
Baina leku-izenen kronologia mende bete baino gehiago aurreratzen duen taldea portzentaia portzenaia txikiagoa osatzen duen arren, ez da eskasa eta baditu adibide esanguratsuak. Galbario edo Kalbario, horietako bat suerta daiteke. Bai aldaera hori zein Kalbariogurutzerena XII. mende bukaeratik dokumentatuak ditugu udal-aktetan: Kalbario hitza bera bakarrik dugu 1682, 1707 eta 1731n eta Kalbariogurutze, berriz, 1683 eta 1690ean. Toponimia txostenean, berriz, erro hori duten lau leku-izen daude, bat bera ere ez Galbario soilik: Galbarioaristi (1821), Galbariogurutze (datarik gabe), Galbariomendi (1989) edo Galbarione etxea (1857).
Dena den, aldaketa nabarmenenakk datazioa bi mende baino lehenago aurreratzen duten leku-izenetan dugu. Kuantitaboki talde xumea da, 10 adibiderekin, baina dakartzan berrikuntza kronologikoak benetan adierazgarriak dira, kasu batzuetan ia 300 urte edo gehiago baitira. Besteak beste Mandabidegia (321 urte), Kabiolaerreka (296 urte) eta Iraurgigoikoa (295 urte).
Hainbat adibidek hausnarketa handiagoak dakartzate, bereziki terminoak izen propio bat islatu baino, egoera geofisiko arrunt bati aipamena egin diezaiokenean eta orain arte jasotako aipamenen eta udal-aktetan topatzen denaren artean jauzi kronologiko nabarmena ikusten badugu. Arizbakarrak, adibidez, mendeen poderioz leku desberdinei erreferentzia egin diezaieke; haritz bakarti bat hainbat tokitan egon baitzitekeen. Aktetan 1721ean ageri den bitartean, Toponimia txostenak Luis Mari Mujikak bildutako aipua jasotzen du bakarrik, 1938-1921 arteko "amillaramendu liburuetan" topatutakoa.
Ez da kasu bakarra. Eguzkitzaberri, adibidez, txostenean 1976tik aurrera dokumentatzen da, baina aktetan 1730ean dago Etxeberri Eguzkitza aldaerarekin. Mandabidegi, berriz, ez dago 1989 arte jasoa, baina XVII. mende erdialdean eremu jakin bati erreferentzia egiteko erabiltzen zen.
AURREKOAK:
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika