Eukaliptoen aldaketen eta laikotasunaren inguruko mozioak, aurrera Gobernu Taldearen babesarekin

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Ohiko udalbatzarra izan zen atzo. Batzar mistoa izan zen: zinegotzien erdiak presentzialki hartu zuen parte eta beste erdiak, telematikoki.

Bi mozio landu ziren eta biak onartu ziren EHBilduko Gobernu Taldearen aldeko botoekin. EAJk bietan kontra bozkatu zuen.

Lehenengo mozioa Naturkonek eukaliptoak aldatzeko eskatzen dutenei moratoria aplikatzeko eskatzen duena izan zen. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eukaliptoa espezie exotiko inbaditzaileen katalogoan sartzeko eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eukalipto gehiago ez daitezen aldatu, baso-politika aldatzeko ere eskatzen zuen.

Janire Mitxelena EAJko zinegotziak azaldu zuen zergatik ez zuten mozioa babesten: "Eukaliptoa modu kontrolatua aldatu daiteke, basojabe pribatuak beraien ekimenetan lagunduz".

Eneritz Arbelaitz Ingurumen zinegotziak azaldu zuen EHBilduren jarrera: "Basoa ez da zuhaitza bakarrik. Biodibertsitatea oreka da eta eukaliptoak oreka hori eteten duela demostratu dute EHU eta Aranzadiko ikerlariek. Adibidez, Oiartzunen ez litzateke ulertuko hemengo erreketatik edaten dugun kalitatezko ura kaltetzea, eta kalitatezko ura dugu bertako basoak ditugulako".

Laikotasuna, eztabaidarako gaia

Laikotasuna Elkarteak aurkeztutakoa izan zen bigarren mozioa. Eliza katolikoak immatrikulatutako ondasunen inguruan informatu eta berreskuratzea eskatu, izaera zibileko agurrak egiteko tokia egokiak egokitzea eta Udalak izaera erlijiosoko jaiak diruz ez laguntzea eskatzen ziren, besteak beste.

Jesus Gonzalez, Laikotasuna Elkarteko kideak azaldu zuenez, "gu ez gaude erlijioen kontra, baizik eta erlijioek dituzten pribilejioen kontra. Berdintasunaren alde gaude. Adibidez, zinegotziek pertsonalki erritu erlijiosoetan parte hartzea ongi iruditzen zaigu, baina ez udal ordezkari gisa".

EAJren kontrako botoaren arrazoia Mitxelenak azaldu zuen: "Gure ustez laikotasun eskubidea guztiz bermatua dago Oiartzunen". EAJko ordezkarien eta Laikotasuna Elkarteko ordezkariaren artean eztabaida izan zen gaiaren harira.

EHBilduko Gobernu Taldeak, berriz, mozioa babestu zuen. Jexux Leonet alkateak azaldu zuenez, "laikotasunaren eta askatasunaren ibilbidean urrats bat gehiago da hau; oraindik pausoak ematen jarraitu behar dugu".

Haize Gain, beste 15 urtez Aldundiaren gizarte zerbitzuen erabilerarako

Udal hilerriaren eta beilatokiaren ordenantza berrituari hasierako onarpena eman zitzaion atzo, ahobatez. Legedian izan diren aldaketetara egokitu eta bi zerbitzuak bateratzeko egin da eguneraketa.

Haize Gain baserria Gipuzkoako Foru Aldundiaren gizarte zerbitzuei beste 15 urtetarako uzteko hitzarmena ere onartu zen, ahobatez. Haize Gain AGIPAD elkarteak kudeatzen du, drogomendekotasunen asistentzia terapeutikorako.

Lanbarren poligonotik Gurutzera doan errepidean otsaileko euriteek hondatu zuten horma berreraikitzeko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lanbarren SAren arteko hitzarmena ere onartu zen, ahobatez. Udalak lanen %25 finantzatuko du (100.025 €).

Protokolo gasturik ez apirilean

Haurtzaro Ikastolan (25.498,88 €) eta Elizalde Herri Eskolan (13.620,20 €) Eskola Kirola, Eskola Pilota, Muittu eta eskolaz kanpoko jardueretarako koordinazioa gauzatzeko hitzarmenak ere onartu ziren, ahobatez.

Apirileko protokolo gastua 0 € izan da.

Gehigarriak

Eukaliptoen aldaketen eta laikotasunaren inguruko mozioak, aurrera Gobernu Taldearen babesarekin