Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
IRAGANEKO TOPONIMIA EDO LEKU IZENETAN SAKONDUZ (II()
Udal-akten erabilera, udal-iturri moduan
Udal-aktek Oiartzungo artxiboak gordetzen duen agirien artean duen indarra agerian dago. Ezagunak diren leku-izenak zein iturritatik atera diren ikusi besterik ez dago. Hala, gerta daiteke orain arte toponimoa dokumentatua bazegoen ere, berari lotutako erreferentzia guztiak udal artxibotik kanpo atera izana, edo udal artxiboko udal-aktak ez ziren beste sail batzuetako datuetan oinarritzea. Kasu hauetan, udal-akten bidez toponimoaren itzala handiagoa dela ikusi ahal izan da, bai kronologia aurreratzeko garaian edo, besterik gabe, leku-izenaren bide historikoa osatzeko.
Adibidez, Mariandreseneri buruzko lehenengo aipua 1802koa da txostenean, eta ez da udal-artxiboko erreferentziarik jasotzen; akta-liburuek, berriz, 1688tik dokumentatzen dute. Kasu bera da Telleriberrikoa. Txostenean bildutako lehenengo aipu dokumentala 1742koa da eta aktek, berriz, 45 urte atzera azaltzen dizkigute, 1697an, Paskoal Joanikotena "Tejería de Iusso" delakoaren jabe moduan aipatzen denean. Hurrengo hamarkadetan finkatzen da, 1713-1732 urte bitartean 19 aldiz agertzen baita.
Deigarriagoa da Emetako Zelaiondoa leku-izena. Egiari zor, ez dirudi idatzietan asko agertzen denik. Txostenak aipu bakarra jasotzen du. Edonola ere, kronologia aldetik ezin adierazgarriagoa da: Txostenak, udal-artxiboko iturria erabiliz, 1881 urteko aipua biltzen zuen; udal-aktek mende eta erdi lehenago agertzen digute, 1715eko azaroan.
Bestetik, txostenak jasotzen dituen lehenengo bi aipamenen artean jauzi handia dagoenean, udal aktetan tarteko aipuak topatu daitezke. Larrabururi dagozkion lehenengo bi aipuak 1499 eta 1706koak dira, baina aktetan 1682an topa daiteke. Txopokone, berriz, 1591tik dokumentatua dago baina Txostenak ez du 1638 eta 1799 artean inolako aipurik eta aktetan, berriz, 1688an ageri zaigu. Zapatarieneri buruz bildutako datuak 1675ean hasten dira txostenean. Horren arabera, udal artxiboari lotutako zaharrenak 1906koak dira, baina aktetata 1688tik ageri zaigu; hau da, udal-iturrietan beraietan uste zena baino 200 urte lehenagoko datuak gordetzen dira.
Aragintxone baserria beste kasu bat da. Toponomia ikerketak aipu bakarra dakar, 1693koa, Loiolako Santutegiko Artxibotik ateratakoa (egiaz "Araquinchoene" litzateke, "q"-rekin agertzen baita agirian). Guk erabili ditugun aktetan, zortzi aldiz topatu dugu "Arakintxonea" aldaeraren bitartez: behin 1715ean, hirutan 1716 urtean eta aipu bakarrarekin 1722, 1728, 1729 eta 1730 urteetan.
Halaber, badira Txostenean garai jakin batetik aurrera desagertu egiten diren toponimoak baina udal-aktek jarraipen handiagoa ematen dietenak. Hori da Agirrebekoa etxea: txostenak 1499-1578 epean bakarrik datatzen du, gehienak udal artxibotik kanpoko erreferentzietan. Aktetan, berriz, 1728ko aipu bat dago.
AURREKOAK:
Iraganeko toponimia edo leku izenetan sakonduz (I)
Kronologia berriak: toponimo ezagunen bizitza aurreratuz (II)
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika