Oiartzungo akta zaharrak: Iraganeko toponimia eta leku-izenetan sakonduz (IV)

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

IRAGANEKO TOPONIMIA EDO LEKU IZENETAN SAKONDUZ (IV)

Toponimo berriak

Agiriek eman dezaketen fruiturik adierazgarriena orain arte bildu gabeko izenak topatzea da. Toponimo berriei dagokionez, 100 inguru dokumenta ditzakegu orain arte egindako lanean. Dena den, izen ezagunekin gertatu bezala, behin baino gehiagotan zalantzak agerikoak dira, bilduta daudenekin antz handia dutelako: 1693an ageri den Lanbarren Alta eta Lanbarrengarate; 1664ko Laparregi izena eta 1883tik aurrera dokumentutako Lapurdegi; Erbideko ataka eta Aierbide; Txokelu eta Zokolo; Makaguene (1715) eta Makatzaga (1802); Marturanegi (1721) eta Martuzenegi (1804); Olataburu (1708) eta Olaburu (1818); Otetxo (1719) eta Oteitza (1692); Unzuzabaleta (1708) eta Urtxabaleta (1753); Urdanzabal (1718) eta Urdantxabaleta (1753); Urrimendi (1709) eta Arroimendi (1614); Aldamarro (1702) eta Aldaerarri (1620).

Zalantzak alde batera utzita, aurkitutako izen ezezagunen artean batzuk guztiz berriak dira: Auntzelai (1676), Altxarriko zudia (zubia? 1070), Altzosi (1730), Altzuandi (1691), Amabiaritzeta (1697), Arizmakurreta, Azkonartxulo (1731), Gainametzaga (1705 eta 1727), Kaparribia (1716), Lumeraiturri (1731), Mendoza edo Mendoitza (1682, 1699), Mikelazulo (1702), Mitxeltxarra (1732), Mugartza (1705), Olabasoa (1674), Txasito (1672), Zeabuta (1686) eta Zubitegi (1688).

Toponimo berri hauek izan dezaketen arazoetako bat kokapena jakiteko garaian izan dezakegu, agiriak ematen digun informazioaren arabera zehatzagoa edo lausoagoa delako. Ez dira gutxi inolako mugarik gabe aipatzen direnak, Lumeraiturrirekin gertatzen den moduan. Gauzak askoz gehiago errazten dira mugakide dituzten elementuak aipatzen direnean. Hala, Anabuno (Arañaburu?), Zaldirin ondoan dagoela dakigu, 1688an egiten den aipamenari esker: "plantar (...) robles junto al puesto llamado Anabuno, junto a Zaldiri...". Igeltsozuloeta, berriz, Beloaga gazteluaren parean dugu, 1682an aipatzen den moduan: "... partido de Ielsso Çuloeta, junto al castillo de Beloaga...". Hamarkada pare bat beranduago, 1704an aipatzen den Iru-udareeta, berriz, Arizabalo etxearen barru ondoan zegoen.

Halaber, batzuetan eremu, barruti, leku edo izaera geofisiko orokorra duten izenen aurrean gaude, baina batzuetan, beraien ezaugarri fisikoak agerikoak dira. Hor dugu Mendoitza, Apatxeri lotutako etxalde edo basetxea, 1682an: "...en el partido que se empieza desde los mojones de la casseria de Bordassar, y de la casseria del Apache, llamado Mendoyza, asta Urcabegañeta...". Mikelegi, berriz, 1699an auzune moduan aipatzen da: "los vezinos y jente del barrio Miqueletegi". Halaber, Oiartzungo meatzaritza jarduerara bideratutako toponimo berriak agertu dira, Matxinmeatze edo Matximeatzeta bezala, 1693an.

Kokapenaren inguruko kontuetan toponimoak berak lagun gaitzake, bereziki izen berriaren erroa ezaguna zaigunean. Izan ere, terminoak ez dira zeharo arrotzak; badira orain arte bildutakoekin harreman zuzena edo oso estua dutenak. Horren lekuko dira ondorengoak: Aldabeburu (1664), Añarreazpi (1716), Antsillets Goikoa ("Antsillas de Susos", 1722), Arandaranazpi (1720), Arbelaizburu (1726), Bidamakuetazpikoa (1719), Bunoanditxokoeta (1676), Eguzkitzaiturri (1710), Ganboxerreka (1720), Igeltsozuloeta (1682), Ibarreazpi (1730), Iratzetxabaleta (1726), Insusaingo mauka (1705), Irudareeta (1704; Udarieta), Kausueseberri (1718), Lezantzintxipi (1711), Magdalena zelai (1664), Magdalena erreka (1716), Mastebordaberri (1701) eta Sistiagagibel (1708).

Nahiz eta erro horiekin aldaera ugari jasota egon, udal-akten hustuketak forma berriak aditzera eman ditu. Gogorregi toponimoak adibidez adierazgarri bat osatzen du. Behin betiko toponimia-txostenean sei kontzeptu eratorri daude: Gogorregi; Gogorregiberri; Gogorregiko erreka; Gogorregiko kaskoa; Gogorregilepo eta Gogorregizoki. Bada udal-akten hustuketak beste bat gehitu du, 1720an agetzen den Gogorregiko Aldapa. Egoera bertsuan dago Juansendoko burkaitza leku-izena, 1723an dokumentatua eta XVI. mende bukaeratik agerti diren Juansendo, Juansendoberri, Juansendoerrota tea Juansendomaldaren senidea; edota Suantzarekin lotuta dagoen Suantzako burua (1723).

Adibide deigarriagoa osatzen du Iraurgiazpikoa edo, hobe esanda, Iraurgui de Yuso delakoak, 1728an datatua. Orain arte, izenaren familiak hainbat kide zituen: Iraurgiaundi, Iraurgiandiko erreka, Iraurgigoikoa, Iraurgitxiki eta Iraurgizubi. Iraurgi berri hori euskaraz Iraurgiazpikoa edo Iraurgibekoa moduan itzul dezakegu, aldez aurretik dokumentatua dagoen Iraurgigoikoaren parez pare. Alabaina, 1728ko aipuak bestelako berri adierazgarria ematen digu, Iraurgui de Yuso horrek bestelako izen bat baitzuen, dagoeneko ezaguna den Iraurgitxiki. Modu honetan, aldaera berri bat eta bere baliokidea zein den jakiteaz gain, bildutakoaren inguruan datu berria dugu, datazioa ia 100 urte atzeratzeko modua; izan ere, orain arte Iraurgitxikiri lotutako lehenengo aipamena 1818koa zen.

Beste kasuetan, udal-akten bidez izen eratorriak erroa bera baino lehenago dokumentatzeko aukera izan dugu. Hala, Ordoko toponimoaren hasierako aipuak arte 1752koak baziren, udalbatzaren erabakien erregistroetan Ordokagaraikoa 1707 eta 1711n azaltzen zaigu. Ondorioz, pentsatzekoa da Ordoko toponimoaren bizitza, gutxienez, 1707ra atzeratu behar dela, momentuz urte hartako edo zaharragoa den aipamenik ez badugu ere.

Ildo horretatik, aurkitutako aldaera berriak ez dira beti jatorrizkoen eratorpenak; aitzitik, erroa bera daukagu aktetan. Hala, txostenean Txarrantxabekoa eta Txarrantxagoikoa (biak 1802an) eta Txarrantxaberri (1883an), 1688ko udal-aktetan Altzibarko plazan dagoen Txarrantxa basetxearen berri dugu. Pentsatzekoa da azken ondasun higiezin horretatik beste hiruak garatu izana. Beste horrenbeste gertatzen Killiriku aldaerarekin. 1681ean bertako teilatua konpontzeko asmoa azaltzen da ("adrezo del tejado de Quilliniqui, propio de este valle"), toponimia txostenean aldaera bakarra biltzen da eta horren eratorria: Killirikupe (1664an).

Ikuspegi interesgarri bat toponimo baliokideena da. Hainbat toponimo berri, ezagunak ziren beste batzuk izendatzeko erabiltzen zirenez, bataren zein bestearen historian sakontzeko aukera dugu. Ez dira asko. Lehen Iraurgi do Yuso eta Iraurgitxikiren artekoa aipatu dugun bezala, Mikelazulo leku-izena Galardigibeli dagokio, 1702ko agiri batean azaltzen den modian: "yntentamos celebrar por la tarde la fiesta en el paraje llamado Miquelazulo o Galardiguibel". Gainera, aipamen horrek Galardigibelen dokumentatze-lanari eragiten dio, azken hau 1826tik aurrera baitzegoen dokumentatua. Ostobiarain izena, berriz, 1704rako San Esteban Arizti moduan ezagunagoa bihurtzen ari zen ("en el terminado de Ostouiarain, que oy llaman San Esteuan Aristi").

AURREKOAK:

Iraganeko toponimia edo leku izenetan sakonduz (I)

Kronologia berriak: toponimo ezagunen bizitza aurreratuz (II)

Udal-akten erabilera, udal-iturri moduan (III)

Gehigarriak

Oiartzungo akta zaharrak: Iraganeko toponimia eta leku-izenetan sakonduz (IV)