Aurreko asteburuetan gertatukoen inguruan iritzia eman nahi du Oiartzungo Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Lehenik eta behin, momentu honetan bizi dugun egoera zaila nabarmendu nahi dugu. Pertsona guztiok gure egunerokotasuna aldatu genuen duela urtebete eta oraindik gure ohiturak eta gure ekintzak moldatuak ditugu. Pertsona sozialak gara eta denok ditugu beharrak, norbanako bezala eta baita kolektiboki ere. Gaurkoan, kolektiboki ditugun behar horiek nabarmendu nahi genituzke.

Azken bi asteburuetan hainbat gertakari izan dira Oiartzunen. Herritarrak elkartu dira kalean, elkarrekin egoteko, edateko, jateoko. Baina baita soinua ateraz ordu txikietan, ingurua zikina utziz, bizilagunei deskantsua galarazten... Eta herritarrak elkartzea diogunean, ez gara kuadrilla bat elkartzeaz ari, baizik eta hamarnaka pertsona inguru berean elkartzeaz.

Hasieran esan bezala, momentu honetan norberaren beharrak kontuan hartu behar dira, baina ahaztu gabe komunitate bateko kide garela, inguruko herritarrak ere zaindu nahi eta behar ditugula. Zer da norberaren askatasuna, ingurukoak eta ingurua ez badira errespetatzen? Onartezinak diren jarrera asko ikusi ditugu, eta ez dugu kolektibo batera mugatu nahi, jarrera onartezinak gaztetxoenetik hasi, gurasoak, helduak... Adin eta izaera anitzeko pertsonak izan baitira gertaera hauetan.

Udalak baliabideak jarri behar ditu berriro horrelakorik ez gertatzeko, baina guztiok ohartu behar dugu soluzioa ez dela zikinkeria garbitzea, edota udaltzainak jartzea herriko hainbat txokotan arauak errespetarazteko neurriak hartzen. Udalak hori egin behar badu, egingo du, baina herri eta komunitate bezala landu behar da gaia. Udaletik beti heziketaren alde egin dugu, antolatzen ditugun gauzak eraikitzaileak izateko, eta argi dugu gehiengoaren jarrera bide honetatik doala. Lanean jarraituko dugun aurrerantzean ere herritar guztien jarrera horrelako izan dadin.

ELKAR HARTU, ELKAR ZAINDU!