Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Antzin Erregimeneko demografiara hurbilketa egitea ez da lan xamurra, garai hartan ez baitziren biztanleriaren inguruko azterketak egiten, ez gaur egungo moduan behintzat. Euskal populazioaren inguruko lehenengo ikerketa demografikoa aurkitzeko 1805 urtera jo behar dugu, eta itsas armadako kapitain eta Historiaren Errege Akademiaren zuzendari izandako Jose Vargas Ponceren (1770-1821) eskutik dator; bigarrena Paskual Madoz (1806-1870) politikari nafarrak egin zuen, 1843 urtean. Hala eta guztiz, 1856 arte egindako erroldek helburu fiskalari erantzuten zioten, ez demografikoari.
Ez dira gutxi biziraun duten eta helburu demografikoarekin erabil daitezkeen iturri idatziak, hala nola mota desberdinetako erroldak edo liburu sakramentalak. Bigarrenak elizari lotutako funtsetan gordetzen diren heinean, lehenengoak udal-dokumentazioaren artean topa daitezke, eta Oiartzungo XVII. eta XVIII. mendeetako udal akteri erreparatuz gero, halakoak badaude. GAraiko biztanleriara gerturatzeko tresna interesgarriak eskaintzen dituzte. Errolda horietako asko esparru militarrari lotuak agertzen zaizkigu; alardeetan, hain zuzen ere.
I. Alardeak
Alardeak oso ohikoak izan ziren Aro Modernoan. Gipuzkoaren kasuan, udal-erakunde pribilegiatu bakoitzak (Probintziaren batzarretan zuzeneko ordezkaritza zuen bakoitzak), eskumenak zituen esparru horretan errekrutatze edo izen-ematea egiteko, ekitaldiak antolatzeko edo tropen buru izango ziren karguak izendatzerakoan. Jarduera militar horien helburua herritarrei (eskubide guztiak zituzten auzoei zein beste biztanleei) armadaren funtzionamendua erakustea eta arma guztiak egoera onean zeudela ikuskatzea zen. Oro har, Pazko Egunez edo garaipen militarrak ospatzeko egiten ziren.
Udal akten arabera, Oiartzunen dugun lehenengo alardeen erregistroak 1658ko ekainean eta 1662 maiatzean dira. Ekitaldiari buruzko ohar soil batzuk dira; ez dago parte-hartzaileen inguruko informaziorik eta ospakizunari ere, lerro soil batzuk eskaintzen zaizkio: "se guntó la gente en la plaça de Yturrioz con sus armas para hacer y celebrer la reseña en que está de costunbre el dicho valle en cada año y aviéndose puesto en horden con su hilera se dio principio a la dicha reseña y desde ella, después de auer recorrido los puestos de donde suelen andar y formado escoadrón, pasaron a la plaça de Alçiuar y en ella así bien andubieron por los puestos acostunbrados...".
1664 urtera salto eginez, auzoz auzo alardean atera ziren gizonen zerrenda motz bat aurkitzen da. Urte horretatik aurrera, geroz eta ohikoagoak izango dira gizonezkoen errolda luze eta zehatzak. Orohar, 18tik 60 urte bitartean zituzten gizonezkoen zerrendak dira. Kasu batzuetan, kargu militarren izendapenak ageri dira, baina parte-hartzaileen izenik gabe; beste batzuetan soldaduen, beraien etxeen eta soinean zeramatzen armen eta munizioaren berri ematen dute.
Ikuspuntu demografikotik, deigarria den lehenengo zerrenda 1673koa da, Frantziaren inbasioa zela eta Elizalden alarde bat ospatu zenekoa. Dokumentua bikain dago antolatua: lehenengo, kargu militarrak banatzen dira eta ondoren bakoitzak eramango duen eskuadrak zehazten dira, partaide guztien izenekin. 448 gizonez osatutako zerrenda da. Zenbaitetan, izenaren ondoan ohar batzuk ageri dira, pertsona horrek armak dituen edo ez, egoera fisiko txarrean dagoen edo, kanpoan bizi edo une horretan kanpoan dagoen aipatuz: "fuera, ausente" (Joanes Olaziregi Olaso), "es biejo" (Esteban Zubiaurre Garagartza), "ynpedido" (Legarra Eguzkitza), "no tiene armas" (Juan Iriarte Antsilats).
1706ko maiatzera jotzen badugu, Elizalde auzoan egindako errolda bat aurki daiteke, alardean ateratzeko egoeran zeuden gizonen inguruko informazioa biltzeko xedez egindakoa. Orriaren ezkerraldean etxeen izenak ageri dira; erdian, bertan bizi zen pertsonaren izena eta eskubian, bere mende zeuden arma kopurua. Dokumentu honek bereizgarri bat du, izan ere, badirudi Elizalde auzoko etxe guztien errolda dela, ez alardean parte hartuko zuten gizonenan bakarrik. Agindua argia zen: "llegar a todas las casas (...) y en cada vna d´ellas ha de poner el nombre de las casas y de los hombres que biuen en ellas con sus apellidos y con las armas que tubieren y municiones necesarias". Hori dela eta, hainbatetan, etxearen izendaren ondoan emakumeak, elizgizonak edo egoera fisiko txarrean daudenak besterik ez zirela bizi adierazten da, baita gai zirenak baina Bailaratik kanpo zeudenak ere: "Choquelu: Pphelipe de Arozemena, ausente en Navarra; Martinandiene: una muger; Espalda, una muger; Don Diegoene: Vive clérigo". Hauek alardean ateratzetik salbuetsita zeuden eta ondorioz, ez dituzte beraien izenak aipatzen, baina Elizalde auzoko biztanleriaren eta bertako etxeen inguruko irudia lortu dezakegu, partziala izan arren.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika