Oiartzungo akta zaharrak: Oiartzungo populazio eta biztanleriara hurbilketa (III)

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

III. Beste dokumentu batzuk

Orain arte aipatutakoez gain, horien antza duten idatziak behin baino gehiagotan agertzen dira. Horietako zenbait ira urtero errepikatzen dira; beste batzuk, noizean behin agertzen diren errolda eod biztanle zerrendak dira.

Horien artean, sagardo-saltzaileekin zerikusia duten hainbat idatzi daude. Hauetan, auzune ezberdinetan saltzeko sagardo garbiz edo bataiatuz (urarekin nahasia, alegia) betetako upelak zituztenen zerrendak ageri dira. Aurretiaz aipatutako dokumentuekin alderatzen baditugu, zenbati desberdintasun daude: batetik, auzo edo biztanleen araberako erroldak dira, nahiz eta sagardo jabe bakoitzak upelak zein etxetan dituen adierazi; bestetik, aipamen gutxi diren arren, zerrenda guztietan emakumeen izen-abizenak ageri dira, sagardo ekoizpen, salmenta eta tabernen munduan garrantzia handikoak baitziren Aro Berriko gizartean, baita Oiartzunen ere. Hor daude, besteak beste, 1720ko erregistroan agertzen diren Maria Josefa Bengoetxeakoa, 10 upamehetako upa bat sagardo garbi bere etxean duena, eta Bernarda Seingoa, Masterrena etxean upa bat sagardo garbi daukana.

Noizean behin aurki daitezkeen dokumentuen artean bizntaleek elizari emandako limosnak ageri dira. Esaterako, 1661ean eta 1677an Done Eztebe elizako sakristia konpontzeko eta elizaren gangak eraikitzeko dirua eman zuten pertsonen zerrenda luzeak daude. Batzuetan gizonen edo emakumeen izenak ageri dira -emakumeenak askoz ere gutxiago-; beste batuzetan, "el dueño de la casa..." edo "la dueña de la casa..." besterik ez da azaltzen. Fagoaga etxeari dagokionez, berriz, errotaria, etxeko maizterra eta etxeko andrea aipatzen dira, baina modu orokorrean, izen-abizenik gabe.

Iturri hauek biztanleen maila ekonomikoaren berri ematen digute, nahikoa diru zuten pertsonek bakarrik egin zezaketelako horrelako esfortzu ekonomikoa; gainera, bakoitzak emandako diru kopurua ere zehazten du dokumentuak. Beraz, Oiartzungo mailakatze sozialaren berri ematen digu.

AURREKOAK:

Alardeak (I)

Errege-armada (II)

Gehigarriak

Oiartzungo akta zaharrak: Oiartzungo populazio eta biztanleriara hurbilketa (III)