Berpiztu planaren baitan, bidegorria hobetzeko hitzarmena onartu du Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Uztaileko ohiko udalbatzarra izan zen atzo. Oiartzungo Udalean administrazio elektronikoa ezartzeko Plan Estrategiakoa eta aurrera eramateko Talde Eragilea onartu ziren, ahobatez. 

Dagoeneko zenbait tramite eta harreman bitarteko elektroniko bidez egin ditzakete herritarrek eta enpresek Oiartzungo Udalarekin, Egoitza Elektronikoaren bidez. Hala ere, Plan Estrategikoak aukera horiek garatzen lagunduko du.

Eusko Jaurlaritzaren Hondakinen Planari, alegazioak

Eusko Jaurlaritzak Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren hasierako bertsioari alegazioak jartzea erabaki du Udalak, EH Bilduko Gobernu Taldearen aldeko botoekin. Hobeki Elkartearekin batera landu eta osatu dira alegazioak. Hobeki hondakinen kudeaketa hobetzeko Euskal Herriko toki erakundeen elkartea da eta Oiartzungo Udala kide da. Guztira, 11 proposamen aurkeztuko dira, hainbat arloren inguruan: euskararen erabilera, zehaztasuna, parte-hartzea, araudiaren gutxienekoa, udal eskumenak...

Eneritz Arbelaitz alkateorde eta Ingurumen zinegotziak "hutsuneak" ikusi diren gaien inguruko ekarpenak direla adierazi zuen. Abuztuaren 17a arte dago irekita alegazioak jartzeko epea eta Hobekiren webgunean informazio guztia dago, nahi duenaren eskura. 

EAJk kontra bozkatu zuen. Janire Mitxelena zinegotziak azaldu zituen euren arrazoiak: "Plana lehen bailehen behar dugu. Planak ezartzen dituen betebeharrak anbizio handikoak dira eta erakunde guztien lankidetza eskatzen dute. Udalari lankide izateko" eskatzen diotela ere gehitu zuen.

Arbelaitz alkateordeak erantzun zuen alegazioko ekarpenak "plana osatzeko" egin direla, "propositiboki eta era positiboan. Hondakinen kudeaketa hobetzeko konpromisoa hartua dugu eta horregatik egingo ditugu ekarpenak Hobekirekin batera".

Berpiztu plana, bidegorria hobetzeko

Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Turismo sailak Arditurriko bidegorriaren ardatza berritzeko eta turismo baliabideak sortzeko hitzarmena onartu zen. Guztira, 710.000 € inbertituko dira. Diru-kopuru hori bi urtetan jasoko du Oiartzunek: 40.000 € aurten eta gainerakoa, datorren urtean.

Hitzarmen eta proiektu hau Eusko Jaurlaritzaren eta Oarsoaldeko udalen arteko Berpiztu planaren baitakoak dira. Jexux Leonet alkateak azaldu zuenez, eskualdeko lau udalek agerraldia egin zuten 2015ean Eusko Legebiltzarrean eta ortik etorri da Berpiztu plana (eskualde degradatuak biziberritzeko). "Berez, oso positiboa da Berpiztu plana, eskualdean 24 milioi euroko inbertsioak ahalbidetu ditzakeelako". Era berean, eskualdeko lau udalen artean egin da lanketa, "alderdi politiko ezberdinen artean. Guk beti bultzatu dugu erakundeen arteko lankidetza, positiboa delako".

Hala ere, "kezka eta zalantza" azaldu zituen Leonet alkateak. Izan ere, Berpiztu plana oraintxe onartu du Eusko Jaurlaritzak: "Berandu onartu da eta, teorian, 2021ean eta 2022an gastatu behar da. Guk baditugu proiektuak, baina ez dakigu denbora emango duen epe motz horretan guztiak egiteko". Leoneten iritziz, "frakasoa izango litzateke denbora faltarengatik inbertsioak egin ahal ez izatea".

Uztailean, protokolo gasturik ez

Honez gain, AGIFES elkartearekin hitzarmena berritzea onartu zen, ahobatez. Ondorioz, osasun mentaleko arazoak dituztenen elkarteak Agerre-alden udal jabetzako etxebizitza bat erabiltzen jarraitzeko aukera izango du datozen lau urteetan.

Oarsoaldea Garapen Agentziari aurtengo lehenengo bi hiruhilabeteengatik egin beharreko ekarpena ordaintzea ere onartu zen: 150.331 €.

Ibargain Musika Eskolari egin beharreko ekarpenak ere onartu ziren: ikasturte honetako azken ordainketa (15.700 €) eta datorren ikasturte hasierakoa (71.521 €).

Uztaileko protokolo gastua 0 € izan da. Eskari-galderen tartean, EAJko Mitxelenak 2019/2023 legegintzaldia hasi zenetik "Udalaren barne eta kanpo komunikazioa asko hobetu" dela baloratu zuen. Era berean, pandemiaren bigarren urtean "gizarte zerbitzuek, udaltzaingoak eta hezkuntza sektoreak egindako lana" aitortu zituen. 

Gehigarriak

Berpiztu planaren baitan, bidegorria hobetzeko hitzarmena onartu du Udalak