Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Udako bi hilabeteetan (uztailean eta abuztuan), Oiartzungo Turismo Bulegoak 2.271 bisitariri egin die harrera. Azken urteetako bisitari kopuru handiena izan da (iaz baino %23 gehiago, adibidez). Batez ere inguruko bisitariak etorri dira gure herria ezagutzera: gipuzkoarrak izan dira gehienak (%22,3) eta hurrenak, Herrialde Katalanetakoak (%6,59) eta Frantziakoak (%4,87). Esanguratsua izan da, hala ere, Madrildik, Valentziatik eta Bizkaitik etorritako bisitari kopurua ere.
"Bizi dugun osasun egoera berezia dela eta, tokiko turismo asko izan da", adierazi dute Turismo Bulegoko arduradunek. "Oiartzun herriak eta bailarak aukera aproposak eskaintzen dituelako aire librean jarduerak egiteko, naturaz inguratuta".
Hala ere, Turismo Bulegoko bisitari gehienak oiartzuarrak izan dira. Ziurrenik, izan du zerikusia Turismo Bulegoak egoitza berria estreinatu izanak Urdinola-Arizmendienea etxean eta Kulturabirusa udako kultur programazioaren baitan antolatutako ekintzetako sarrerak ere Turismo Bulegoaren bidez banatu izanak.
Antolatutako ekintzak, arrakastatsuak
Urdinola-Arizmendienea etxe-museoak jakinmina piztu du. Turismo Bulegoa bertan egoteak erraztu egin du bisitariek etxea ezagutzea: 462 lagunek bisitatu dute (295ek bisita librean eta 167k bisita gidatuetan).
Bestetik, arrakastatsua izan da Arditurriko Tren Berdea. 549 pertsonak ezagutu dute meatze gunea trenean joanda. Kanpotik etorritako bisitariek gehien eskatu duten informazioa herrian zer ikusi, mendi-ibilbideak, museoak eta gastronomiaren ingurukoa izan dela azaldu dute Turismo Bulegotik.
San Esteban elizan maiatzaz geroztik egiten diren bisita gidatuek ere izan dute arrakasta udan: 115 lagunek ezagutu dituzte gure herriko elizaren barrenak.
Urdinola-Arizmendieneako eta elizako bisitek jarraituko dute
Bide batez, gogora ekarri nahi dugu irailean Urdinola-Arizmendienea bisitatzen jarraitzeko aukera izango dela ostiraletan (12:00etan), Joxe Mari Mitxelenak eta Elena Zalakainek gidatuta.
San Esteban elizako historia eta istorioak ezagutzeko aukera ere izango da irailean eta urrian, asteazkenero (11:00etan), Joxe Mari Mitxelenaren eskutik.
Bi bisitak doakoak izango dira, baina aldez aurretik tokia erreserbatu beharko da Oarsoaldeko Turismo Bulegoan:
E-maila: turismoa@oarsoaldea.eus
Telefonoa: 943 49 45 21
Helbidea: Madalen kalea, 3 (Errenteria)
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika