Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Mendebaldeko gizartean osasunaren inguruan dauden arazoak ez dira gutxi. Horetako askok elikadurarekin zerikusia dute, garai bateko ohiturak, errezetak eta produktuak baztertzea faktore bat delarik; Azken urteetan adlde batera geratzen ari direnak suspertzeko etengabeko lanak egiten ari dira. Bestalde, gure herriaren identitatearen ustezko oinarri moduan sukaldaritzak eskuratu duen protagonismoa oso argia da. Egoera honen aurrean, harrigarria gerta daiteke ikuspegi historikotik egin diren azterketa eskasak. Aspaldiko gizarteen elikadura eta jatekoei buruzko lanak ez dira oso ugariak.
I. Egunerokotasunaren printza batzuk
Elikadurarena propio garatutako gaia baino, jan-edan kontuak beste ikerkuntza alorren menpe gelditu dira gehienetan, besteak beste, jarduera ekonomikoen edota udal-gobernuen eskumenen analisiak egiten dituzten horien baitan.
Azken hauen inguruan Oiartzungo udal-aktek hamaika datu eskaintzen dizkigute. Garaiko udal-agintariek oinarrizko produktuen hornidura eta salmenta bermatzeko zituzten eskumenei lotuta, hor ditugu xingarra, esnea, arrautzak, ogia, garia, babak, gazta, esnea, bakailaoa, Galiziako sardina, zahia, olioa, ardoa, sagardoa eta bestelako produktuen prezio edo salneurriak arautzeko ebazpenak, hein batean edo bestean urtero errepikatzen direnak.
Gizartearen portaeren esparrutik ere zenbait informazio badago. Ikuspegi oso orokor batek Elizaldeko iturrian arropa, barazki, arrain, pitxar eta bestelako gauzak garbitzeko debekua dugu, etengabe azaltzen zaiguna. Horrez gain, datu zehatzagoak ikusteko aukera ere badago, bereziki XVII. mendearen azken laurdenean. Garai hartan, auzo bakoitzari bere lurretan baratzea jartzeko agindua zuzendu zitzaion, ematen ziren lapurretak ekiditeko. Agidanez, nahi baino ohikoagoak ziren norberarena ez zen sailetan sartu eta bertako mozkon, fruitu eta uzta bilketak. Hori ikusita, oiartzuar bakoitza ereiteko lurra eta baratzea jartzera behar zuten 1672an, bertan haziak ereiteko edo, gutxienez, aza, tipula, porru, ilar, babarrun eta bestelako barazkiak landatzeko: "hagan sus guertas sembrando en ellas todo género de semilla o, por lo menos, la berça, çeuolla, puerro, arbeja, alubias y otros géneros".
Halaber, badira elikaduraren inguruan berrikuntzak islatzen dituzten datuak. Gauza jakina da Amerikak zenbait ekarpen egin zituela (tomatea, patata, piperra), nahiz eta horiek gurean hedatzeko prozesua berehalakoa ez izan. Itsasoz bestaldetik iritsi ziren fruituen inguruan artoak izan du protagonismo nagusia, benetako iraultza ekarri baitzuen. Udal-aktetan bildutako berriak 1678tik aurrerakoak dira, ordurako nahiko hedatua zegoela dirudi.
Indaba edo babarrunaren kasua bereziagoa da. Oiartzuarrak pixkanaka leku handiagoa egiten hasi zitzakzion. Zenbait hamarkada igaro behar izan ziren lekale horrek arrakasta erdietsi arte. 1726ko abuztuan, adibidez, aza, babarrun eta bestelako gauzak saltzeko ditutzenak Elizaldeko plazara eraman eta diru truk sal zezaketenaren agindua plazaratu zen. Handik gutxira, Elizak ale horretatik fruitu ekonomikoa ateratzeko asmoa agertu zuen (1728an), izan ere, "babarrunaren fruitua urte gutxitatik hona erein eta biltzen da, eta ez duela ez hamarrenik, ez hasikinik ordaintzen, berorren auzoek betebehar horietatik salbuetsitzat hartzen dutelarik"; barazki hura geroz eta hedatuago zegoen seinale ("que de pocos años a esta parte siembra y coge el fruto de la aluvia y que no dizma, ni primicia, considerándolo los vecinos de V.S. como essenpta de estas obligaciones").
Halako datuez gain, zaila da elikadurari buruzko informazioa udal-aktetan topatzea. Izan ere, ohiko kontu ugari, gizarteak guztiz barneratuak zituenak eta arazorik ematen ez zutenak, oso gutxitan aipatzen dira.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika