Kirol astea 'polita eta interesgarria' izan da

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Zazpigarren urtez, Oiartzungo Kirol Astea antolatu dute Udalak eta Kirolaisik, herriko elkarte eta eragileekin batera. Edizioaren balorazio positiboa egin du Udalak: "Hainbeste kosta eta atzeratu egin  behar izan dugun Kirol Aste honek emaitza polita eta interesgarria izan baitu". Izan ere, maiatzean egitekoa zen Kirol Astea, baina momentu hartan COVID19arengatik Oiartzunen zegoen osasun egoera zela eta, atzeratu egin behar izan zen.

Antolatutako ekintzak "interesgarriak eta kalitatezkoak" izan dira. Hiru dokumental-emanaldi eta solasaldi izan ziren aurreko astean, kirol oinarri izan arren beste gai batzuk ere erdigunean jarriz: landa eremua, genero-arrakala, euskara... Bi mahai-inguru ere izan ziren: kirol elikadurari buruzkoa bata eta taldeko kirolen prestaketa fisikoari buruzkoa bestea. 

Kirol Astea bukatzeko, Oiartzungo VI. Kirol Saria jaso zuen Guruzne Azpiroz Ibarguren arraunlari eta entrenatzaile ohiak. Ekitaldi hunkigarria izan zen, Azpirozen etxekoak, lagunak, taldekide ohiak, udal ordezkariak eta herriko beste kirol elkarteetako kideak hurbildu baitzen hura txalotzera. Udalak berriz ere zorionak eman nahi dizkio Azpirozi,  "ongi merezitako" sariarengatik eta ekitaldian erakutsi zuen "zintzotasuna eta emozioa" eskertu.

Ia 200 lagunek hartu dute parte Kirol Astean antolatutako ekimenetan. Horiei guztiei ere eskerrak eman nahi dizkie Udalak, baita aurtengo Kirol Astean laguntzaile izan dituen eragileei ere: Girizia Mendi Taldea, Labore Oarso, Oiartzungo Kirol Aholku Batzordea (UKABE)...

2022an, berriz izango da Kirol Astea. Udalaren asmoa edizio horretarako barruko ekintzez gain, kanpokoak ere gehitzea eta eragile gehiagoren presentzia bermatzea izango da, COVID19aren aurreko Kirol Astearen filosofia berreskuratuz, kirol eta jarduera fisikoaren zaleek berriz elkar topo egiteko espazioa izateko

Gehigarriak

Kirol astea 'polita eta interesgarria' izan da