Maria Josefa Sansberrori aitortza egin dio jaioterriak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Maria Josefa (Maddi) Sansberro Etxeberria oiartzuarra omentzeko ekitaldi instituzionala izan da gaur. Sansberro nazien kontzentrazio eremuetara deportatu eta hildako oiartzuar bakarra da. Oiartzungo Udalean ordezkaritza duten bi alderdiek, EH Bilduk eta EAJk, bizikidetzaren bidean kontsentsuz hasitako bidena, elkarrekin antolatu dute gaurko aitortza ekitaldia, "memoria berreskuratzen eta gertatutakoa aitortzen eraiki nahi dugulako bizikidetza".

Gaurko ekitaldia Udalak legegintzaldi honetan egin dituen beste jarduera batzuekin lotua egon da. "Herritarrek bizitu eta sufritu dituzten giza eskubideen urraketak dira ekitaldi hauen oinarria. Zauri horien aitortza ezinbestekoa da egia, justizia eta erreparazioa lortzeko".

Sansberroren senideek hartu dute parte ekitaldian, baina Oiartzungo Kattin Txiki eta Errenteriako La Ilusion talde memorialistetako kideek. Ion Gambra, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubide eta Kultura Demokratikoko zuzendaria ere bertan izan da. 

Jexux Leonet alkatea: "Oso garrantzitsua da ahanzturan ez geratzea"

La Ilusion elkartearen proposamenetik abiatuta antolatu du Udalak Sansberrori aitortza eta aste honetan guztian, hego euskal herriko deportatuen historia ezagutzera emateko ekimenak (hitzaldia eta erakusketa, Arizmendienean).

Jexux Leonet alkateak (EH Bildu) ekitaldi hau antolatu ahal izateko lagundu duten eragile guztiak izan ditu gogoan. Aipamena egin die Joxe Mari Mitxelena eta Izarraitz Billaluzeri, Sansberroren bizimodua ikertzen egindako lanarengatik.

Leonet alkateak esan duenez, "oso garrantzitsua da ahanzturan ez geratzea Maria Josefarena bezalako istorioak, gure herriaren historia ere badelako. Gai hauek isilean egon dira, baina beharrezkoa da gertatukoa gogoratzea eta aitortzea".

Maddi Sansberro oiartzuarrak "bere ekintzekin erakutsi zuen emakume indartsu, ausarta eta borrokalaria zela. Bizitza duin eta gizarte justuago batengatik eman zuen bizitza", aipatu du Leonetek. "Aipagarria da lan hauek egiten emakumezko bat aritu izana, askotan erresistentziako kide guztiak gizonezkoak izan zirela pentsatzen baitugu".

Pello Larrañagak hartu du hitza Sansberroren senideen izenean. "Eskerrak" eman ditu, hunkituta, guztien izenean. Larrañaga Sannsberroren ahizparen biloba da. "Nik ez nuen Maddi ezagutzeko aukerarik izan, baina haren aita bai".

Larrañagak jaso du Jexux Leonet alkateak eta Rafael Bergaretxe EAJko zinegotziak Oiartzungo herriaren izenean emandako oroigarria, Karrikako Iragorriko kanposantuan dagoen Anton Mendizabalen eskulturaren erreplika.

Nor zen Maria Josefa, Maddi, Sansberro?

Maria Josefa Sansberro Etxeberria 1895ean jaio zen Ugaldetxoko Berrondo baserrian eta umetan, Senperera joan zen bizitzera, etxekoekin. Lapurdin egin zuen bizimodua eta II. Mundu Gerran naziak Ipar Euskal Herrira iritsi zirenean, Sarako Saninazioko lepoko hotelaren ardura zeraman Sansberrok. Nazien kontrako erresistentzian parte hartu uen, hasieran, juduei muga pasatzen laguntzen eta ondoren, beste eginkizun batzuetan ere bai. Sarako herritar baten salaketaren ondoren, 1944an atxilotu eta deportatu egin zuten, Marie-Jeanne Etxeberria ilobarekin batera. Alemaniako hainbat kontzentrazio eremutan esklabu lanean aritu ondoren, 1944ko azaroaren 13an (duela 77 urte), hil zen Saschenhauseneko kontzentrazio eremuan.

Hil ondoren, Frantziako estatuak Mort pour la France izendapena eman zion, eta Charles de Gaulle jeneralak Domina Gorria eta AEBtako Dwight D. Eisenhower presidenteak Askatasunaren Domina. 

Gehigarriak

Maria Josefa Sansberrori aitortza egin dio jaioterriak