AHTren Astigarraga-Lezo trazatua bertan behera uzteko eskatu du Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Abenduko ohiko udalbatzarra izan da gaur. Aurtengo azkenekoa. AHTren Astigarraga-Lezo trazatua (Oiartzundik pasatuko litzatekeena) bertan behera uzteko eskatuz Ekologistak Martxan eta Eguzkik aurkeztutako mozioa onartu da EH Bilduko Gobernu Taldearen aldeko botoekin; EAJk kontra bozkatu du.

Eneritz Arbelaitz Ingurumen zinegotzi eta alkateordeak gogora ekarri du Udalak alegazioak sartu zizkiola 2020ko ekainean trazatuari (oraindik ez da erantzunik jaso), “Udalak AHTren eragina aztertua du behin baino gehiagotan eta eragin negatiboak positiboak baino gehiago izango direla badakigu; ez da errentagarria ez sozioekonomikoki ezta ingurumenaren ikuspegitik ere”. Era berean, jakinarazi du ETS enpresa bi aldiz baimendu gabeko zundaketak egiten topatu dutela Oiartzunen, “eta gerarazi egin ditugu”.

Ekologistak Martxan-eko ordezkari den Kepa Olaizek Oiartzungo Udalak aurkeztutako alegazioak “oso egokiak” zirela adierazi du. “Donostiari ez kalterik egiteko, inguruko bailarak kaltetu” nahi dituztela azaldu zuen. “25 urte daramatzagu AHTren kontuarekin. Urte hauetan bi krisi ekonomiko, enpresen berregituratzeak, pandemia bat… bizitu ditugu. Zer falta da, gutxienez planteatzeko AHTra bideratutako dirua beste sektore batzuetara bideratu behar litzatekeela momentu honetan?”.

Lehen sektorea laguntzeko, 60.000 €

Lehen sektorerako 60.000 €ko dirulaguntza lerroa eta oinarriak ere onartu dira, ahobatez.

Jon del Olmo Ogasun zinegotziak azaldu zuenez, “sektoreko profesionalak etorri zaizkigu, kezkatuta. Batez ere pentsuaren eta argindarraren prezioen igoerak behar berriak ekarri ditu”. Lagunduko diren arloak inbertsio eta hobekuntza gastuak, uraren ordainketa, animalien kudeaketa eta bestelakoak (emakumeak sektoreratzea sustatzea, abandonatutako lurren berreskurapena, bertako arrazen berreskurapena…) izango dira.

Enplegua sustatzeko Oarsoaldea mailako hitzarmena ere onartu da. Eskualdeko lau udalen arteko hitzarmen honen baitan, Errenteria izango da Lanbideren aurreko ordezkaria, eta Jexux Leonet alkatea Oiartzungo ordezkaria.  

Gizarte-Ongizate arloko laguntzak onartu dira

2022ko Gizarte-Ongizate arloko dirulaguntzen oinarriak eta deialdiak ere onartu dira, ahobatez. Adingabekoak ardurapean dituzten familiak laguntzeko 130.000 € bideratuko dira eta bazterkeria arriskuan dauden norbanako eta familiak laguntzeko, 90.000 €.

Landa eremura bideratutako Bidez Bide eta Bidelagun programak mantentzeko 50.400 €ko dirulaguntza ere onartu da ahobatez. Behemendi Elkarteak kudeatzen ditu programa hauek.

HELTArekin ikasturte honetako dirulaguntza (57.270 €) eta Harutzaro Ikastolarekin hitzarmena beste laur urterako luzatzea ere onartu dira, ahobatez.

Abenduko protokolo gastua 673,62 € izan dira otordu, bidaia eta garraiotan.

Jexux Leonet alkateak “urte ongi bukatu” eta “osasuna” opatu die bukaeran zinegotzi guztiei.

Gehigarriak

AHTren Astigarraga-Lezo trazatua bertan behera uzteko eskatu du Udalak