Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Oiartzungo kulturgile eta kulturzaleentzako Kulturaz Bete Arte jardunaldia antolatu du maiatzaren 7rako Kulturaz Bete Arte Herri Dinamikak. Iazko apirilean Oiartzungo kultur eragileen lehenengo asanblada egin zen, Udalak deituta, Landetxeko kultur aretoa egiten hasia zela aitzakia hartuta, Oiartzungo kultur ereduaren inguruan pentsatzeko: aretoaz eta aretoaren kudeaketaz hitz egiteko, baina batez ere, herriko kulturgintzaren inguruan hausnartzeko.
Galdera horiek erantzuteko lau asanblada egin ziren. Haietan, "Oiartzungo kulturgintzak izatea nahiko genituzkeen ezaugarriak eta balioak" zehaztu ziren (euskalduna, feminista, herritarra, herrigilea, parte-hartzailea, horizontala, sortzailea, inklusiboa) eta hausnarketa-prozesua arinago joateko, talde eragile bat sortu zen, behin-behinekoa. Hiru helburu jarri zitzaizkion talde horri: Oiartzungo kulturgintzaren eta eraikin berriaren kudeaketa-eredua aztertzea, Oiartzungo kultur proiektua diseinatzea eta bi zeregin horiek posible egingo dituen antolakuntza egituratzea.
Talde eragile eta asanblada horien ondorio sortu da Kulturaz Bete Arte Herri Dinamika.
Jardunaldia, orain artekoa partekatzeko
Talde eragilearen lehendabiziko lanetako bat izan zen herriko kultur eragileen zerrenda egitea eta banaka elkartzea horiekin, prozesua ahalik eta eragile gehienen artean osatu eta elkarren berri izateko.
Beste bi lan nagusitan ere aritu da talde eragilea orain arte: kultur proiektuan (orain arteko kulturgintzaren gakoak identifikatu, artikulazio berri baterako oinarriak jarri, 2023ra bitarteko programazioa pentsatu...) etea kultur kudeaketan. Gure herrira egokituko den eredua sortzeko beharra, beste herrietako ereduetatik ikasteko aukera, baliabideak kudeatzeko modua, bideragarritasun ekonomikoa... izan dituzte hizketagai.
Atera diren ideia, hausnarketa eta zalantzei erantzuna emateko asmoz sortu da maiatzaren 7rako Kulturaz Bete Arte jardunaldiaren proposamena. "Uste dugu herriko kulturgile eta kulturzaleok erabaki behar dugula kultura eredu berri hori zertarako, nork eta nola egin behar duen. Jardunaldien helburua, beraz, gai horien inguruan janztea da, jakintza elkarbanatzea eta herritarrok ahalduntzea".
Oiartzungo kulturzale eta kulturgile guztiak gonbidatu eta animatu nahi ditu Kulturaz Bete Arte Herri Dinamikak jardunaldi honetan parte hartzera.
'KULTURAZ BETE ARTE' JARDUNALDIAREN EGITARAUA:
09:45: Ateen irekiera.
10:00: Sarrera.
10:10-11:15: Antolaketa eredu berriak arakatuz:
- Joxemi Zumalabe Fundazioa
- Talaios Koop. (Beñat Irasuegi)
11:15: Atsedenaldia.
11:45-13:45: Esperientzien plaza. Besteak entzunez gurea eraiki:
- Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba
- Aiaraldea Ekintzen Faktoria
14:00: Bazkaria.
16:00: Pagoarte. Abangoardia kulturala Oiartzunen.
17:00: Haripiloak antzerki pieza laburra (Luix Mitxelena eta Lohizune Telletxea).
Oharrak:
- Goizeko saioak udaletxeko areto nagusian izango dira. Bazkaria (dohainik) eta arratsaldekoak, Arizmendieneako lorategian (eguraldiaren arabera).
- Antolaketa lanak errazteko, maiatzaren 4a baino lehen izena emateko eskatzen da:
E-maila: ekarpenak@oiartzun.eus
Telefonoa: 943 49 01 42
On-line: Hemen.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika