Inoizko atsolorrarik parte-hartzaileena ospatu da

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

2021ean jaiotako haurrei Oiartzungo herri-komunitatera ongietorria emateko asmoz, atsolorra elkarrekin ospatzeko gonbita egin die Udalak iaz guraso izan ziren herritarrei. Eta erantzuna, inoizko parte-hartzaileena izan da: 72 haur jaio ziren iaz Oiartzunen eta horietako 55ek parte hartu dute atsolorran. Atsolorra erabat errotuta dagoenaren seinale.

Bakoitzak duena edo dakiena eskaintzen du festa honetan eta aurten ere, aktiboak izan dira gurasoak: Eñaut Leunda txistuan; Joana Aurrekoetxea eta Jurgi Aldalur txalapartan; Ander Lizarralde bertsotan Dabid Muñozek gitarraz lagunduta...

Haur bakoitzaren etxekoek marrazki bana ere ekarri zuten etxetik, denen artean horma-irudia osatzeko. Aurten, atsolorrako protagonista ziren haurren senide helduagoek ere izan dute euren tokitxoa: Txulalai dantzatu zuten. Bukatzeko, etxetik ekarritako hamaiketako goxoa egin zuten bildutako denek.

Aiton-amonak, berriz festan

COVID19arengatik, azken bi urteetan guraso eta senideek bakarrik hartu dute parte atsolorran. Aurten, egoerak berriz aiton-amonak gonbidatzeko aukera eman du eta ez dira gutxi izan hurbildu diren izeba-osaba eta lehengusuak ere. Arizmendieneako lorategia bete-betea zegoen atzo.

Atsolorra garai bateko euskal erritua da. Oiartzunen, 2015ean berreskuratu zen, garai berrietara egokituta. Atzokoan, Iosune Cousillas Kultura zinegotziaren ardura izan zen Udalaren izenean Oiartzungo komunitatera harrera egitea herritar ttikienei. "Errespetuan, bizitza zoriontsuan eta euskaraz zein euskal kulturan hezteko konpromisoa" irudikatu zuen atzoko atsolorrak.

Musika beti izaten da presente atsolorran. Atzokoan, Izaro eta Lohizune Telletxea ahizpek hiru kanta kantatu zituzten (Uxue Alberdiren Besarkada, AMAK-en Atsolorra eta Olaia Inziarteren Zuei). 

ONGI ETORRI! 

June; Lur; Aran; Bidane; Alain; Ane; Enare; Maddi; Iratz; Haran; Araia; Nahia; Xuban; Ignacio; Lier; Xuhar; Manel; Aina; Ani; Aren Mikael; Alain; Xuban; Lili; Amets; Aner; Ani; Mattin; Nora; Ander; Amets; Alazne; Paul; Arai; Gaia; Mara; Izar; Declan Osamudiamen; Nae; Arene; Libe; Martin; Alain; Jane; Eira; Luken; Gala; Melchor; Arai; Maddi; Dara; Hegoi; Gabriel; Mohamadou; Aitana; Izei; Irati; Xuhar; Eder; Maddi; Amale; Nara; Odei; Vega; Kima; Telmo; Iker; Alize; Maule; Ahetz; Naia; June; Kenan eta India.

Gehigarriak

Inoizko atsolorrarik parte-hartzaileena ospatu da