%53,3koa da euskararen kale erabilera Oiartzunen

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Hizkuntzen erabileraren kale-neurketa. Oiartzun, 2021 ikerketaren emaitzak aurkeztu zituzten ostegunean Josu Delgado (Hizkuntz normalizaziorako zinegotzia), Aitziber Arnaiz (Hizkuntz normalizaziorako teknikaria) eta Belen Urangak (Soziolinguistika Klusterreko teknikaria). 2021eko udazkenean egin ziren kale neurketak.

Euskararen kale erabilera %53,3koa da Oiartzunen. Erabilerak bost puntu egin du behera azken neurketatik (2016ean egin zen).

Haurrak (2-14 urte) eta gazteak (15-24 urte) dira Oiartzunen euskara gehien erabiltzen dutenak: %73,8koa da lehenengoen erabilera eta %63koa bigarrenena. Hala ere, 15 eta 24 urteko gazteen artean ia 14 puntu egun du behera erabilerak 2016tik (orduan %76,4koa izan zen).

Eutsi egiten zaio erabilerari

Udal ordezkarien arabera, badira Oiartzunen bakarrik ez, Euskal Herri osoan eragiten duten hainbat faktore: ikus-entzunezko kontsumoak, euskaldunen tipologia aldatu izanak (euskara bigarren hizkuntza dutenen kopurua handitu da), migrazio mugimenduek, pandemiak… “eragin zuzena” dute erabileran. “Euskara erabili beharrean beste hizkuntza batzuk erabiltzera bultzatzen gaituzten faktoreak asko” diren arren, Oiartzunen euskararen “erabilerari eutsi” egiten diogula nabarmendu zuten.

Horretarako, azken urte hauetan euskalgintzatik eta administrazioetatik egindako lanaren garrantzia azpimarratu zuten. Gainera, Oiartzunen, euskarari eustea eragiten duten faktoreak ere badirela esan dezakegu. Baina zein? ezinbestekoa da faktore horiek detektatzea eta indartzea, etorkizunean Oiartzunen euskararen erabilerak gora egin dezan lortzeko.

Zaindu beharrekoak

Gertutik zaindu beharreko datuak ere utzi ditu neurketak. Gazteen artean erabilerak 14 puntu behera egin izanak “kezka” sortzen duela eta “jarraipen estua” egingo dutela adierazi zuten: “haur eta gazteen hizkuntza erraztasuna zaintzearen eta euskaraz lasai aritzeko aukerak zabaltzearen garrantzia argi uzten du datu honek”.

Elkarlana, ezinbestekoa

Euskararen erabilera indartzeko “erabaki sendo eta ausartak” hartu behar direla eta “elkarlana bultzatu” behar dela azpimarratu zuten, “elkarrekin egindako ekimen eta egitasmoen eragina biderkatu egiten baita”.

Gehigarriak

%53,3koa da euskararen kale erabilera Oiartzunen