Herritarrekin bilduko da Oiartzungo Udala

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Auzo batzarrak aukera paregabea dira Udalaren eta herritarren arteko elkarlana sustatzeko. Guztiok batera herriko eta auzoetako egoeraren inguruan hausnartu eta erabakiak hartzeko, auzoz auzo bilerak antolatu ditu Udalak.

Udalaren, herriaren eta auzoen egoerari buruzko informazio orokorra emateaz gain, bukatzear dagoen legealdiko balorazioa egingo dute udal ordezkariek. 2023 urterako aurrekontu proposamena ere aurkeztuko dute eta bizilagunen proposamen eta ekarpenak jaso eta lehentasunak zehazteko aukera ere egongo da saioetan.

Altzibarren, auzoa biziberritzeko lanen egoeraren berri emango dute eta Udalak bertan egin nahi duen frontoiaren proiektuaz ere hitz egiteko aukera egongo da.

Parte-hartzeko deia

Auzo batzarrak “Oiartzun elkarrekin eraikitzeko” bidea direla azpimarratu du Jexux Leonet, Oiartzungo Alkateak. “Herri bizia eta kohesionatua sortzeko balio dute, iritzi ezberdinak partekatu eta adostasunetara iristeko aukera ematen baitute”. Horregatik, “bileretan parte hartu eta beraien proposamenak egitera” animatu ditu oiartzuarrak, “guztion artean Oiartzun hobetzen jarraitzeko”.

Egutegia

Irailaren 29tik urriaren 6ra izango dira saioak, arratsaldeko 19:00etan.

  • Altzibar: Irailak 29, osteguna (goiko eskoletan)
  • Arragua: urriak 3, astelehena (Aldeguna elkartean)
  • Karrika: urriak 3, astelehena (Artason)
  • Ergoien: urriak 4, asteartea (Auzokalten)
  • Ugaldetxo: urriak 4, asteartea (Isasti auzo lokalean)
  • Gurutze: urriak 5, asteazkena (Bizardia elkartean)
  • Iturriotz: urriak 5, asteazkena (Argiñeneko auzo lokalean)
  • Elizalde: urriak 6, osteguna (pleno aretoan)

Gehigarriak

Herritarrekin bilduko da Oiartzungo Udala