Oialeku inguruak ezagutzeko aukera, igandean

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Aiako Harriko natura parkeko paisaiak zirraragarriak dira. Edertasunaz gainera, badute, ordea, beste ezaugarri aipagarri bat: ondare naturalaren eta kulturalaren arteko lotura zatiezinaren berri ematen digute. Hain zuzen, naturaren eta gizakiaren jardueraren arteko harremanak denboraren buruan paisaia gizatiartuak sortu ditu, kultura-paisaiak alegia.

Oialeku ingurua, Oiartzungo beste parte asko bezala, kultura-paisaia baten adibide garbi da. Lehenik eta behin, mendiko larreak ditugu, alderdi horretan abeltzaintzak izan duen eta oraindik duen garrantziaren adierazle. Belardietan zenbait mairu-baratze edo cromlechak ikus daitezke. Baina batez ere, paisaia hauek kondaira ugariren iturri izan dira: mairuak, intxisuak… asko dira inguru hauetan murgildu diren pertsonaia mitologikoak.

Oialeku inguruaz gozatzeko eta han dagoen ondarea hobeto ulertzen laguntzeko, urriaren 30ean (igandea), Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak irteera gidatua antolatu du. Ibilbidea laburra eta nornahik egiteko modukoa da. Hala ere, oinetako erosoak eramatea komeni da. Helburua ez da asko ibiltzea, gauzei erreparatuz eta gidariaren azalpenen laguntzarekin, kondairaz betetako paisaian murgiltzea baizik. Hamaiketakoa egiteko tartea egongo da.

Goizeko 10etan hasiko da Kausoko aparkalekutik eta 12:30etan amaituko da toki berean. Prezioa 6 eurokoa da eta aurrez izena ematea ezinbestekoa da.

Informazio gehiago:

943 49 50 69 / 688 89 50 68

arditurri@gipuzkoantura.eus

Gehigarriak

Oialeku inguruak ezagutzeko aukera, igandean