Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Atzoko urriko ohiko udalbatzarrean lehen sektoreko proiektuak bultzatzeko dirulaguntza deialdia egitea adostu zuten, EH Bilduren eta EAJren aldeko bozkekin. 58.000 euro bideratuko dituzte Oiartzunen garatzen diren sektore honetako ustiapenak eta proiektuak laguntzera. Nekazaritza-ustiategien jarraipenari bultzada eman nahi dio Udalak horrela, landa-ingurunearen garapen ekonomikorako eta familia-nekazaritzatik ahalik eta jende gehien bizitzeko oinarrizko bitarteko baitira.
2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 1a bitarte egindako gastuak laguntzeko izango da dirulaguntza: inbertsio eta ustiategien hobekuntzak; nekazaritza makineria eta ekipoen erosketa; baratzezaintza eta lorezaintza intentsiborako instalakuntzak; berrikuntza teknologikora edo belaunaldien errelebora bideratutako aholkularitza azterketa lanak; ekoizpen ekologikoa bultzatzeko egitasmoak; nekazaritza erabilerarako ur gastuak; abereen bazka eta pentsuen ordainketa… izango dira lagunduko diren kontzeptuak.
Eskaerak egiteko epea deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik abenduaren 1a bitarte egongo da irekita. Informazio guztia Oiartzungo Udalaren web orriko Iragarki Taulako Dirulaguntzak atalean egongo da eskuragarri.
Urmendiri ekarpen gehigarria
Urmendi, Oiartzungo Udal Ikastolako Partzuergoari plantilla arrazionalizatzeko planetik eratorritako gastuei aurre egiteko 69.112,94 euroko ekarpen gehigarria egitea ere onartu zuten, EH Bilduren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu egin zen.
Landetxe eraikina egiteko kontratuan aldaketak
Landu ziren gainontzeko puntuetan adostasuna izan zen nagusi. Landetxeko eraikin berriko obren kontratuan aldaketak onartu zituzten: bukatzeko epea luzatzea (datozen asteetan bukatuko dira eraikineko lanak) eta hasieran onartutako prezioa 75.738,74 euro (BEZ gabe) handitzea, kontratua sinatu zenean aurreikusi ezin zitezkeen atzerapenei eta materialen prezio igoerei aurre egiteko.
Udaleko langileen soldata %1,5 gehiago igotzea ere adostu zuten (urte hasieran %2 igo zen), inflazioaren ondorioz izandako erosteko ahalmenaren galera gutxitzeko. 2022an ordainsaria %3,5 igoko zaie langileei beraz.
Elorsoro kiroldegia, Madalensoro pilotalekua eta udako igerilekuaren kudeaketarako BPXport enpresarekin sinatutako kontratua 2023ko abenduaren 31 arte luzatzea onartu zuten, ahobatez.
Urriko protokolo gastua 605 € izan da, jardunaldietan.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika