Lan-eskaintzetan izena emateko epea zabalduko du aurki Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Datozen hilabeteetan hautaketa prozesu ezberdinak jarriko ditu martxan Oiartzungo Udalak. Plantilla egonkortu eta zabaldu nahi du horrela, herritarren beharrak erantzun eta kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzen jarraitzeko.

Genero ikuspegia bereziki kontuan izan da prozesu hauek definitzeko garaian. Izan ere, eskainiko diren lanpostu berri batzuk bereziki maskulinizatutako sailetan izango dira, eta hauetan ere gizon eta emakumeen parekidetasuna sustatu nahi du Udalak.

Lau udaltzain hautatzeko prozesua

Lau udaltzain berri hautatzeko prozesu irekia izango da hurrengo hilabeteetan martxan jarriko den lehenengoa. Oiartzungo Udalak urteak daramatza udaltzaingo-eredu propioa bultzatzen, hurbilekoa, herritarren zerbitzura dagoena eta auzotarrekin elkarlana oinarri duena, inplikatua, komunitarioa, euskalduna. Horregatik, EAEn udaltzain agenteak hautatzeko egiten diren prozesu orokorrak erabili beharrean, Udala izango da deialdia egingo duena.

Herritarrak laguntzea, argibideak eta arreta eskaintzea, auzotarrekin lan egitea, jendea babestea, bizikidetza bultzatzea eta espazio publikoak zaintzea izango da beraien egiteko nagusia. Hau dela eta, hautaketa prozesuan proba fisikoek baino (gai edo ez gai baloratuko dira), trebezia sozialek garrantzia handiagoa izango dute (elkarrizketekin eta test psikoteknikoekin baloratuko dira).

Herriko emakumeen izenematea bultzatu nahi da

Oiartzungo udaltzainen artean gizon eta emakumeen arteko arrakala nabarmena da gaur egun: sail honetan langileen %12 baino ez dira emakumeak. Udalarentzat lehentasunezkoa da alde hau gutxitzea, eginkizun hauek betetzeko eta kasu zehatzetarako, emakumeen aurkako indarkeria gertatzen denean esaterako, garrantzitsua baita laguntza eskaintzen duen udaltzaina emakumezkoa izatea.

Hori dela eta, besteak beste, plazetako bat emakumeentzat erreserbatuko da, indarrena dagoen legedia beteaz. Oposaketa baloratuko duen epaimahai ere parekidea izatea bermatuko da, genero ikuspegia prozesu osoan txertatu eta erabakigarria izan dadin.

Emakume askok ez du prozesu hauetan izena ematen, probak gainditzeko gai izango ez direla pentsatuta. Baina emakumeek emaitza onak lortzen dituzte parte hartzen dutenean. Gainera, badaude rolen banaketaren ondorioz emakumeek garatu dituzten hainbat gaitasun udaltzainen eguneroko lanean lagungarriak direnak: enpatia, komunikatzeko gaitasuna…

Izen ematea, abenduan

Deialdiaren oinarrian azaroan argitaratzea aurreikusten da. Abenduan izango da izen-ematea, eta proba fisikoak 2023ko otsailean izango dira.

Datozen hilabeteetan hautaketa prozesu gehiago

Hurrengo hilabeteetan beste hainbat hautaketa prozesuri ekitea ere aurreikusten du Udalak, sail eta lan mota ezberdinetarako jendea izendatzeko. Besteak beste, betekizun anitzetarako lau pertsona hautatzeko oinarriak argitaratuko dira aurten (igeltsaritzarako bi, uretakoa eta elektrikaria).

2023an zehar hautaketa prozesu gehiago jarriko dira martxan. Plaza lortzen ez duten pertsonekin lan-poltsak osatuko ditu Udalak. Gainera, orain arte behin-behineko funtzionarioek betetzen dituzten zenbait plaza ere egonkortuko ditu udalak.

Deialdien zerrenda, oinarriak eta informazio guztia Oiartzungo Udaleko web gunean argitaratuko da.

Martxan jarriko diren hautaketa prozesuak:

  • Udaltzainak (4 plaza).
  • Betekizun anitzetarako ofizialak (4 plaza: igeltsaritzarako bi, uretakoa eta elektrikaria).
  • Etxez etxeko zerbitzuaren koordinatzailea-gizarte langilea.
  • Berdintasunerako teknikaria.
  • Arkitekto teknikoa.
  • Kontuhartzailetzako administraria.
  • Etxez etxeko laguntzaileak (2 plaza).
  • Baso-langileak (2 plaza).

Gehigarriak

Lan-eskaintzetan izena emateko epea zabalduko du aurki Udalak