Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Agian ez duzu hutsik duzun zure etxe hori alokatzeko asmorik. Hilabeteko kuota ez jasotzeak, etxea modu onean ez zaintzeak, errentan hartzen dituzun pertsonekin sor daitezkeen gatazkek, edo, besterik gabe, zure etxebizitza alokairuan nola utzi ez dakizunez, ez zara animatu pauso garrantzitsu hori aurrera ematera.
Hala ere, zure etxea Oiartzungo Etxebizitza sozialeko Bulegoaren bidez alokatzea irtenbide ona izan daiteke hileko diru-sarrera finkoak sortzeko, eta horrek lagundu egin diezazuke higiezinak berak sortzen dituen gastu finkoei aurre egiten (zaborrak, ura, OHZ, erkidegoa, asegurua, hipoteka, halakorik balego). Gainera, gure eskualdean dagoen etxebizitza sozialaren defizita arintzen lagunduko duzu, baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonei etxebizitza duina eskuratzeko aukera emanez.
Onura eta laguntza ugari
Etxebizitza Oiartzungo etxebizitza-bulegoaren bidez alokatuta onura eta abantaila ugari lortuko ditu etxe jabeak:
Doako zerbitzua
Etxebizitza Bulegoa doako informazio- eta bitartekaritza-zerbitzua da, bai errentatzaileentzat, bai maizterrentzat. Oiartzungo Udalak, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin eta Alokabiderekin lankidetzan, Oiartzunen hutsik dauden etxebizitzak alokairu duinean merkaturatzeko programa berri hau jarri zuen abian duela urte batzuk.
Bulegoaren helburua da behar diren izapidetze-lanak egitea, etxekoentzako eta maizterrentzako zerbitzu erosoa eskainiz: aukeren berri ematea; kudeaketa-lana egitea; laguntzak eta dirulaguntzak bideratzea; kontsultarako eta izapidetzeko informazio-gune izatea; baita Etxebideren izapideak bertatik egitea ere.
Abantaila horien guztien berri izateko eta izapide guztiak egiteko, eskatu aurretiko hitzordua, 943 494 129 telefonoan edo etxebizitza@oiartzun.eus helbide elektronikoan, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika