Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
1960ko hamarkadan sortu zen euskara batua. Mugarri garrantzitsua izan zen euskaldunon historian, euskara esparru formaletan ere erabiltzeko erraztasunak eman baitzizkigun. Hala ere, euskalkiak dira euskararen aberastasunaren iturri nagusia, tokian tokiko hizkerak. Batua eta euskalkiak; gure hizkuntzak etorkizuna izan dezan beharrezkoa da biak zaindu, hauen artean oreka bilatu, zubiak eraiki eta euskalkietatik baturako bideak jorratzea.
Helburu hori du Oiartzungo hizkera erabiltzeko gidak: Oiartzungo hizkera ez formalaren eta euskara batuaren erdiko bidea egitea.
Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak sortu du, Oiartzungo Udalarekin elkarlanean.
Ahozko jardunetik oiartzuera formalera
Herriko hizkeratik abiatuta, egoera formaletan oiartzuera erabiltzeko irizpideak proposatu nahi ditu gidak: administrazioan, hezkuntzan eta komunikabideetan. Idatzian sortzen diren zalantzak eta uste okerrak argitu nahi izan dituzte, egoera bakoitzean zer eta nola erabili jakiteko.
Gora edo gotti? Goiti
Alde beharrean aieka, ondo beharrean ongi, oso beharrean arrunt, ezer beharrean deus… Euskara batuan onartzen diren oiartzuerako formak jasotzen ditu gidak. Gure hizkeraz baliatuz, euskara batu jatorrago, aberatsago eta adierazkorrago bat egin daitekeela erakutsi nahi izan dute.
Abiapuntua: Oiartzuarren Baitan egitasmoa
Oiartzungo ahozko ondarea jasotzeko, gordetzeko eta herrira zabaltzeko, Oiartzuarren Baitan egitasmoa jarri zen martxan 2006an. Ordutik, ahozko jardunarekin lotutako lanketa egin da: herriko zaharren grabazioak eta transkribaketak, hiztegia, mahai jolasa…
2020an hasi ziren ahozko jarduna eta idatzizkoa nola uztartu lantzen.
Ekarpen eta iritzi ugari
Oiartzuarren Baitan egitasmoan bildutako materialaz gain, Fraile ahizpek 1996an argitaratutako Oiartzungo hizkera liburua ere lagun izan dute gida sortzerakoan. Gainera, herriko irakasle, filologo eta euskaltzale askoren proposamen, iritzi eta ekarpenak jaso dituzte. Hezkuntza, komunikabide eta administrazioko langileekin ere kontrasteak egin dituzte.
Dinamikoa izan nahi du gidak, dokumentu bizia. Proposamenak eta gomendioak jasotzen ditu, baina herritarrei elkarlanerako eta ekarpenak egiteko deia egin diete sortzaileek, guztion artean tresna hau osatzen joan eta oiartzuera adostu eta arautzeko.
Non eskuratu
Abenduaren 3an egingo dute gida aurkezteko ekitaldia, udaletxeko areto nagusian, 11:30ean. Dagoeneko hasi dira herriko ikastetxe, eragile eta komunikabideen artean banatzen. Urrats paperdendan ere jarri dute salgai, 5 euroan.
Euskararen egunean egitarau zabala
Gidaren aurkezpenaz gain, larunbaterako egitarau anitza antolatu dute Udalak, Ttur-Tturrek eta Abaraxka Udal Ludotekak.
Goizeko 10:00etatik 13:30era, herriko 13 ekoizle eta artisauk neguko HemenGuk azoka egingo dute plazan.
Gidaren aurkezpenaren ondoren, 12:30ean, Xabier Lete XXXV. prosa eta poesia lehiaketaren sari banaketa izango da, pleno aretoan hau ere.
Arratsalde eta iluntzean ere festa izango da nagusi plazan: 17:30etik aurrera, herriko eragileen emanaldiak egongo dira eta 22:00etan Kuluxka klan taldearen kontzertua.
HemenGuk azokan parte hartuko duten artisau eta ekoizlean hauek izango dira:
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika