Arrietako ur deposituan eguzki plakak jarri ditu Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Energia trantsizioan aurrerapausoak eman eta udal eraikinetan kontsumitutako elektrizitatea berriztagarria izan dadin, eguzki plaken instalakuntza egin du Oiartzungo Udalak.

Arrietako ur deposituaren estalkian eraiki dute 85,1 kWp-ko instalakuntza fotovoltaikoa. 406 metro koadroko eremuan 187 eguzki-panel jarri dituzte. 86.000 euroko aurrekontua izan du proiektuak.

Autokontsumorako instalakuntza

Instalakuntzan sortuko den energia, bertatik 500 metrora dauden udal eraikin ezberdinetan erabiliko da: ur deposituan bertan, Udaletxean, Fermiñene etxean, aparkalekuetan, Elizalde eskolan…

Eguzki plaka hauek urtean 85.870 kWh sortuko dituztela aurreikusten da, eraikin horietan kontsumitzen den energiaren %8 inguru. Honi esker, Udalak 21 tona CO2 isurtzeari utziko dio.

2013an hasitako bidean pauso bat gehiago

Egungo energia eredua erregai fosiletan oinarritzen da bereziki; petrolioa, ikatza eta gas naturala. Iturri hauek mugatuak izateaz gain,  kalte handiak eragiten dituzte ingurumenean.

Krisi energetiko eta klimatiko honi aurre egiteko, energia estrategia bat martxan jarri zuen Udalak. 2013an hasi zen bere eraikin eta kaleko argiteriaren elektrizitate eta gas kontsumoa neurtzen. Ordutik, energia kontsumoa murriztu eta efizientzia hobetzeko neurri ezberdinak hartu ditu: instalakuntza guztiak modu zentralizatuan monitorizatu eta kontsumoen jarraipena egin, LED lanparak jarri, orduaren eta eguraldiaren arabera kale argiteriaren argitasuna kontrolatu, eraikinetan termostatoak eta presentzia detektagailuak jarri…

Argindar kontsumoa %13 jaistea lortu du Udalak

Ekintza hauei esker, azken 4 urteetan %13 jaitsi da udalaren argindar kontsumoa:

2018an 2.043.998 kWh-koa izan zen. 2021ean aldiz, udal instalakuntza berri gehiago dauden arren (Arizmendienea etxea, Karrikako bidegorria, Iturriotz eta Altzibarko aparkaleku berriak, Lintziringo argiteria berria, Arraguako igogailua…), kontsumoa txikiagoa izan zen: 1.787.790 kWh.

Aurrera begira instalakuntza eta inbertsio gehiago

Energia erabilera murriztu eta kontsumitutakoa berriztagarria izateko egitasmo gehiago gauzatuko ditu aurki Oiartzungo Udalak. 312.150€ bideratuko ditu 2023an proiektu hauetara. Besteak beste, Elorsoro kiroldegian ere 100 kWp-ko instalakuntza fotovoltaikoa egin eta auto elektriko berri bat ere erosiko dute (3 auto eta moto elektriko bat ditu gaur egun).

Egitasmo hauekin guztiekin energia subiranotasunaren pausoak eman nahi ditu Udalak; kontsumoa murriztuaz eta energia lortzeko eredu berriztagarriak erabiliaz.

Gehigarriak

Arrietako ur deposituan eguzki plakak jarri ditu Udalak