14 etxebizitza huts alokairura bideratzea lortu du Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Herrian hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzeko neurri ezberdinak hartu ditu azken urte hauetan Oiartzungo Udalak. Etxe hauengatik jabeek ordaindu behar dituzten tasa eta zergak igotzeaz gain, hauek alokairu duinera bideratzeko aholkularitza zerbitzua martxan jarri zuen eta hainbat dirulaguntza ematen ditu.

Etxebizitza Bulegoa

2016 urtean jarri zuen martxan Udalak Etxebizitza Bulegoa herriko etxebizitza hutsak alokairu duinera bideratzeko. Etxe hutsen jabe direnek eta etxe bat alokairu nahi dutenek, biek jasotzen dute aholkularitza Etxebizitza Bulegoan: programan parte hartzeko baldintzak eta abantailak azaltzen zaizkie.

14 etxebizitza huts alokairu sozialera bideratu dira

Bulegoa ireki zenetik, 14 etxebizitza huts alokairu sozialera bideratzea lortu da. Gainera, etxebizitza alokatzea bilatzen ari diren 221 maizterri eta 55 etxejaberi eskaini zaio aholkularitza. Zerbitzua abian jarri zenetik gora egin du eskaerak, maizterren kasuan bereziki.

Etxebizitza alokairuan jartzeagatik abantaila ugari

Hilabeteko kuota ez jasotzea, etxea modu onean ez zaintzea, errenta hartzen dituzten pertsonekin sor daitezkeen gatazkak… Beldur hauengatik jabe askok ez dute etxe hutsa alokairuan jartzen. Beste batzuentzat egin beharreko tramitazio guztia izaten da oztopoa.

Etxebizitza Oiartzungo Etxebizitza Bulegoaren bidez alokatuta, abantaila hauek lortzen dituzte jabeek:

  1. Arrisku anitzeko etxe asegurua doan. Gainera, kontratua amaitzean, alokairua egiten den unean zuen kontserbazio-egoera berean itzultzen zaio etxebizitza jabeari (erabilpenagatik eragindako ohiko higadura salbu).
  2. Alokabideren aseguru hirukoitza ASAP edo Bizigune programetarako: juridikoa, kaudimena (maizterrak alokairua ordaintzen ez badu) eta balizko kalteen aurrean.
  3. Ondasun Higiezinen gaineko Zergan %50eko deskontua.
  4. 60 €-ko errenta osagarria 12 hilabetez, Udaletik jasotzen dutena.
  5. Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria lortzeko dirulaguntza.
  6. Doako alokairuaren kudeaketa osoa: ez dute fidantza-izapiderik edo alokairuarekin lotutako beste ekintzarik egin behar, Etxebizitza Bulegoak egiten baitu.
  7. Etxebizitza berritzeko 3.000 € arteko dirulaguntza.
  8. Obra-lizentzietan %95eko hobaria.

Konpromisoak

Etxejabeek programan bost urtez egoteko konpromisoa hartzen dute. Alokairu prezioa Eusko Jaurlaritzako tasatzaile batek zehazten du, etxebizitza bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera.

Informazio gehiago

Programak eskaintzen dituen abantailen informazio gehiago eskuratzeko, aukeren berri emateko, kudeaketa lana egiteko eta laguntza eta dirulaguntzak bideratzeko, 943 49 41 29 telefonora deitu edo etxebizitza@oiartzun.eus helbidera idatzi daiteke. Etxebiderekin lotutako tramiteak ere bertatik bideratu ditzakete herritarrek.

Gehigarriak

14 etxebizitza huts alokairura bideratzea lortu du Udalak