Energia trantsizioa, zaintza eta kultura, 2023ko erronka estrategikoak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

18.757.166,98 euroko aurrekontua izango du Oiartzungo Udalak 2023 urtean, 2022an baino %1,8 gehiago. Inoiz izandako aurrekonturik handiena izango da. Gainera Udalaren egoera ekonomikoa osasuntsua da, ez baitu banketxeekin mailegurik eta 2023rako aurreikusita dauden proiektuak gauzatzeko ez baitu krediturik eskatzeko beharrik izango.

Lau ildo estrategiko

Aurreko urteetan hasitako bidetik jarraituz, Oiartzun eta oiartzuarren bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko proiektu estrategikoak gauzatuko ditu Udalak 2023an:

  • Herritarren ongizatea bermatu eta pertsonak babestu: Oiartzuar guztiak kontuan hartuz, denon bizi-kalitatea bermatzeko lan egitea da Udalaren konpromisoa. 2.550.000 euroko aurrekontua izango du Ongizate Sailak. Besteak beste, menpekotasunen bat duten herritarrei arreta emateko etxez etxeko zerbitzura 793.000 € bideratuko dira eta herriko jubilatuen egoitza berria martxan jarri eta bertako zerbitzuak eta ekintzak antolatzeko 29.000 €. Gainera, 2023an Ongizate Saila Fermiñene etxera pasatzeko obra lanak egingo dira, horrela zerbitzu hobea eskaintzeko.
  • Herriko kultur eskaintza indartu: Oiartzun herri sortzailea da. Urtean zehar hamarnaka ekitaldi antolatzen dira. 2023an Landetxe Kultur Aretoa errealitate bihurtuko da eta honek ere herriko kultur eskaintza zabaltzeko aukera emango digu, herriko kultur eragileekin elkarlanean. Horregatik, Kultura Sailaren aurrekontua %44 igoko da 2023an eta 1.127.792 eurokoa izango da.
  • Energia trantsizioa eta mugikortasun jasangarria sustatu: Aurreko albistean aipatu bezala, energia eredu jasangarriagoa lortzeko proiektu ezberdinak martxan jarriko dira. Gainera, Xorrola eta Taxibus zerbitzuak sustatzen jarraitzeko 287.000 eta 55.000 euroko partidak aurreikusi dira, hurrenez hurren.
  • Elikadura burujabetza lortzeko proiektuak bultzatu: Gure elikagaiak bertan ekoitzi eta kontsumitzeko proiektuak laguntzen jarraituko du Udalak, lehen sektorea bultzatu eta elikadura burujabetza lortzeko. Besteak beste, lehen sektoreko ustiapenak diruz laguntzeko 60.000 € aurreikusi dira eta nekarazi eta abeltzainek sortu nahi duten elkartea laguntzeko 30.000 € gorde dira.

Feminismoa eta euskara, zehar lerroak

Udal jardunean zehar lerroak dira feminismoa eta euskara. Udal sail guztiek dute Oiartzun euskaldun eta feminista lortzeko konpromisoa. Udalaren I. Plan Feministak aurreikusitako helburuak lortu eta ekintzak martxan jartzeko, Feminismo sailaren aurrekontua % 7 igoko da eta 137.454 € bideratuko dira. Gainera, herrian euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko 516.202 euroko aurrekontua izango du Hizkuntz Normalizaziorako sailak.

Herriko eragile, elkarte eta norbanakoak diruz laguntzera 3.734.885 €

Oiartzungo Udalaren kudeaketaren funtsa parte-hartzea da, elkarlana da ardatza. Oiartzungo eragileak, elkarteak eta hauen dinamikak dira herri bizi eta izaeraren adierazle nagusia. Hauen konpromiso eta ekimenari esker burutzen dira herrian hamarnaka proiektu eta ekimen. Bidelagun hauek gabe ez genuke gaur egun dugun herri kohesio eta ongizate maila izango.

Horregatik, sare hau zaindu eta elkarlanean proiektuak burutzeko, aurrekontu osoaren % 20 herriko eragile, elkarte, erakunde eta norbanakoak diruz laguntzera bideratuko da; 3.734.885 €, aurreko urtean baino 308.286 € gehiago.

Jon del Olmo, ogasun zinegotzia:

“Energia trantsizioa gauzatzeko, zaintza sare publiko-komunitarioa sortzeko eta administrazioaren digitalizaziorako proiektuak gauzatuko ditugu. Zati handi batean, 2023ko aurrekontua aurreko urteetan egin ditugun inbertsioetan ekintzak martxan jartzeko izango da, Landetxeko eraikin berriko kultur eskaintza sustatzeko eta jubilatuen egoitza berriko zerbitzua emateko, besteak beste. Kulturak hartuko duen protagonismoarekin batera, ongizatea, feminismoa eta euskara indartzen jarraituko dugu.”

Gehigarriak

Energia trantsizioa, zaintza eta kultura, 2023ko erronka estrategikoak