Landetxeko eraikineko taberna zerbitzua kontratatzeko prozedura abian da

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Laster bukatuko dira Landetxe eraikineko lanak. Herriko kohesiorako eta eraldaketarako gune berria izango da, harremanak sortu eta saretzeko espazioa. Oiartzuar guztientzat irekita egongo da eta eraikina kulturaren, euskararen eta zahartze aktiboaren gune estrategikoa izango da.

Taberna ere izango du eta zerbitzu hau kudeatzeko kontratazio prozedura martxan jartzea adostu dute aho batez gaur goizean egindako ezohiko udalbatzarrean. Establezimendu berri hau kudeatzeko interesa duen edonork aurkeztu dezake bere proiektua, kontratuaren esleipena prozedura irekia bidez egitea erabaki baitute.

Eraikinaren izaerarekin bat egingo duen taberna

Jasotzen diren proposamenek ere eraikinaren izaera berezia kontuan izan beharko dute. Tabernak eraikinaren izaera sortzailea eta komunitarioa indartu eta elikadura osasuntsuarekin eta tokiko eta sasoiko produktuen kontsumoarekin lotutako balioak sustatu beharko ditu.

Udaleko sailekin, herriko elkarteekin elkarlanean ekintza eta egitasmoak antolatzea ere baloratuko da: lehiaketak, torneoak, ekitaldi solidarioak, hitzaldiak...

Gosari, ogitarteko, pintxo, bazkari eta afariak eskainiko ditu eta ezarritako prezioen gainean %20ko deskontua egingo zaie erretiratuei.

102 lagunentzako tokia du

173 metro karratu ditu tabernak, tartean 21 metroko karratuko sukaldea. 102 lagunentzako lekua izango du. Gainera terraza handia ere badu.

Herritarrei zerbitzua emateko, zabalik egon beharko duen gutxieneko ordutegia zehaztu du Udalak: astegunetan 9:00etatik 21:00etara eta asteburu eta jaiegunetan 10:00etatik 00:00etara. Edonola ere, eraikinean programatzen diren ekitaldien egun eta ordutegian ere zerbitzua eskainiko du.

15 egun eskaintzak aurkezteko

2 urteko kontratua izango da (urte beteko bi luzapen egiteko aukera egongo da). Hilabetero esleipendunak Udalari ordaindu beharreko gutxieneko 1.000 euroko kanona finkatu da (lehen sei hilabeteetan 500 eurokoa izango da). Hala ere, eskaintzak aurkezterakoak kanon hau hobetu dezakete prozesuan parte hartuko dutenek.

Eskaintzak aurkezteko azken eguna urtarrilaren 30a izango da.

Informazio guztia Oiartzungo Udaleko webguneko Kontratatzailearen profilean dago eskuragarri.

Gehigarriak

Landetxeko eraikineko taberna zerbitzua kontratatzeko prozedura abian da