Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Gure jendartean sozializazio prozesua sexuaren araberakoa da, jaiotzen garen unetik ez direlako berdinak neskek eta mutilek jasotzen dituzten mezuak. Genero sozializazio hau gure egunerokoan oso presente dago, umeen jantzietatik hasi eta kontatzen zaizkien ipuinetaraino.
Etorkizuneko belaunaldiek euren bidea libreki eta modu askean aukeratzea eta ibiltzea nahi badugu, ume eta gazteei zuzendutako ipuin eta liburuetan, eredu posible guztien dibertsitatea jaso eta sozialki bidekoak direla erakutsi behar da.
Gaur egun haur-literaturan aurreiritzi sexistak al daude?
Bibliotekako haurren liburuetan sexu genero rolen inguruan ematen diren mezuak ikuspegi feministatik aztertu ditu Oiartzungo Udalak. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko, ezinbestekoa baita genero estereotipoak desagertzea. Sexu eta genero rol tradizionalak nagusi al dira? Eredu berritzaileak ba al daude? Zein pisu du bakoitzak? Gure gizartearen aniztasuna ikusten al da? Galdera hauek erantzun nahi izan ditu.
Egoera zein den ezagutu, hobetzeko neurriak hartzeko
Udalak egoera zein zen jakin nahi izan du, eguneroko lanean neurri zuzentzaileak hartzeko premia baldin badago nondik nora lan egin jakiteko. Liburuzainek liburu berriak erosterakoan irizpideak izan ditzaten, hutsuneak non dauden jakiteko eta liburu zaharkituak baztertzerakoan ere genero ikuspegia kontuan izan dezaten, datuetan oinarrituta.
588 liburu aztertu dira
Haur eta gazteei zuzenduta dauden 5.620 liburuko katalogotik zoriz 588 aukeratu dira azterketa egiteko. Lagina esanguratsua izan da beraz, ondorioak ere errealitatearen argazki zuzena islatzeko.
Urte hasieran abiatu zuten azterketa eta 9 hilabetez, liburuen edukia banan bana aztertu dute: idazle eta ilustratzaileen sexua, pertsonaia protagonistaren generoa eta ezaugarriak, estereotipoak apurtzen dituzten, lan produktiboa eta zaintza nork egiten dituen, maitasun erromantikoa ageri den, nolako familia ereduak azaltzen diren…
Rol tradizionalak dira nagusi
Emakume idazle eta ilustratzaileak gutxiengoa dira. Emakumeen errepresentazio sexualizatua nabarmena da. Koloreen erabilera estereotipatua ere egiten da.
Pertsonaia maskulinoen kopurua (%54) femeninoena (%22) baino handiagoa da. Gainera, gehienetan pertsonaiak oso estereotipatuak agertzen dira: gizonak liderrak, ausartak eta jakintsuak dira eta espazio publikoan nagusitasuna dute; emakumeak edertasunak edo zaintzaz arduratzen dira, etxe giroan.
Badugu lanean nondik hasi
Liburuzainen azken urteetako ardura eta lanari esker, ekarri diren liburu asko oso eraldatzaileak dira eta bilakaera positiboa nabari da. Hala ere, bibliotekako liburu asko duela urte dezente idatzitakoak direnez, eredu berri gutxi agertzen dira. Lan asko dago egiteko oraindik eta azterketa honi esker, zer eta nola hobetu identifikatu da.
Azterketa honen ondorioekin kartela eta eskuorria prestatu ditu Udalak (ikusi hemen), irakurleek ere liburuak aukeratzeko garaian emaitza hauek kontuan izan ditzaten. Herriko ikastetxeei ere zabaldu zaie materiala, haurrekin lantzen dituzten liburuen aukeraketan laguntzeko.
Feminismoa udal jardunean zehar lerroa
Uztailean onartu zuen Udalak Oiartzungo I. Plan Feminista. Berdintasun politika Udaleko jardun guztietan zehar lerro bezala integratzea du helburua, pixkanaka proiektu guztietan lan egiteko modua eraldatu eta ikuspegi feminista txertatzea: hirigintzan, kulturan, ongizatean, udaltzaingoan, kirolean… Aurten bibliotekan egindako lan hau horren adibide da.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika