Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
18:00etarako oiartzuar mordoa zegoen Landetxeko kultur aretoko sarrera nagusian sartzeko zai, herriko etxe berria ezagutzeko irrikitan. Zazpi urteko proiektuaren ostean, nabari zen jendearen ilusioa eta poza. 18:30ean hasi zen inaugurazio ekitaldia. Herriko eragile guztietako kideek bete zuten aretoa, Landetxek izan nahi duenaren adierazle: oiartzuarrek elkarrekin amestu, gozatu eta lan egiteko espazioa. Herriko ehuna artikulatzen jarraitzeko bitartekoa.
Jexux Leonet alkateak eta Eneritz Arbelaitz alkateordeak eman zieten ongietorria aretoan bildu zirenei. Eskerrak hitzak izan zituzten proiektuan parte hartu duten guztientzat: ekarpenak egin dituzten herritarrentzat, martxan egon diren parte hartze prozesuetan parte hartu duten elkarte eta eragileentzat eta eraikina errealitate bihurtzeko lan egin duten udal langile guztientzat.
Landetxeren lau zutabeak
Leonet eta Arbelaitzen gogorarazi zutenez, 2016an hasi zen urte luzez amestutako espazioa hezurmamitzen. Oiartzunek zituen behar estrategikoak aztertu zituzten eta lau lehentasun identifikatu zituzten: kultur aretoaren beharra, zahartze aktiboa sustatzeko jubilatuentzako egoitza berria, euskara indartu eta eragile guztiak elkartuko zituen espazioa eta gizarte zerbitzuak eta zaintza erdigunean jartzeko azpiegitura egokiak.
Lau lehentasun horiek izan dira Landetxe sortzeko oinarria, eraikinaren lau zutabeak: ongizatea, kultura, euskara eta adinekoak.
Adierazi zutenez, obra eta eraikina bera baino garrantzitsuagoa izan da Udalarentzat proiektu osoa herritarrekin elkarlanean definitzea. Horretarako arloz arlo martxan jarritako parte-hartze prozesuak “emankorrak eta aberatsak” izan direla esan zuten. Aurrerantzean ere elkarrekin lanean jarraitzeko deia egin zieten bertaratutakoei, “herritarrak direlako Oiartzun mugitzen duen indarra”. Indarrak batu, elkarlanean proiektu berriak sortu eta herri hobe bat egiteko tresna berria dugu Oiartzunen”. Bidea orain hasten dela azpimarratu zuten.
Herriko artisten ikuskizuna
Alkate eta alkateordearen hitzartzearen ondoren Landetxeren lau zutabeak irudikatu zituzten herriko artista ezberdinek ekitaldirako propio sortutako piezekin.
Karmele Mitxelena idazleak eta Elixabete Barandiaran akrobatak zahartzaroa aktibatzeari buruz aritu ziren. Ezinaren eta nahiaren arteko elkarrizketa irudikatu zuten, artikulatzearen eta espazioak partekatzearen garrantzia azpimarratuz.
Maider Zabalegi, Gorka Urra eta Urbil Artolak ‘Soinu txikia’ abestia kantatzen zuten bitartean, Edurne Agirrezabala aktorea ‘ongizatea banatzen’ egon zen publikoaren artean.
Jon Martin, Ane Badiola eta Irati Odriozolak euskara eta euskalgintzari buruzko bertso sorta abestu zuten, Igor Arruabarrenak musikatuta.
Azkenik, Ainara Lasa eta Iraia Etxebestek kulturgintzan martxan dagoen eraldaketaz aritu ziren, Jurdana Otxoaren biolin doinuz lagunduta. Kanpotik herriko hamar sortzaile aretora sartu ziren orduan, kanpoko ekitaldira ateratzeko dei eginaz. Herria antzoki bihurtu zuten.
Orain hasten da dena. Goza dezagun Landetxez eta bere etorkizunak ez dezala sabairik izan!
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika