Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Gurutze eta Elizalde auzoak lotzeko bidegorria zabalik dago. 2019an Karrikaraino luzatu zuten bidegorria eta orain Gurutzeraino egin dute. Horrela, herriko zortzi auzoetara iristen da bidegorri sarea.
2,5 kilometroko luzera du bide berriak. Gurutzeko aparkalekutik abiatu, Malkorra hotelaren atzealdetik Fraileen Bideraino doa eta hortik Legarre kalera. Ibilbide guztia argiztatu du Udalak. 635.000 euroko inbertsioa egin da.
14 kilometroko bidegorri sarea
Egunero-egunero ehundaka lagunek erabiltzen dute Oiartzungo bidegorria. Mugikortasun eredu jasangarrirako azpiegitura izateaz gain, jarduera fisiko osasuntsua bultzatzeko espazioa da. Paseoan, korrika edo bizikletan ibili nahi duenak aukera zabala du herrian. Gurutzerainoko zatia eginda, 14 kilometro ditu Oiartzungo bidegorri sareak. Gipuzkoan kilometro gehien dituen herrietako bat da.
Joan-etorriak, oinez edo bizikletan
Herri barruan mugikortasun osasuntsua bultzatzea da Udalaren helburu nagusia. Ibilgailuen erabilera eta hauek sortzen duten kutsadura gutxitzeko, aukera ezberdinak eskaini nahi izan ditu Udalak azken urte hauetan egindako proiektuekin.
Bidegorri eta oinezko bide berriekin, herritarrak auzoen artean oinez edo bizikletan joatea erraztu nahi du.
Auzoen artean ez ezik, ikastetxeetara, lanera edo erosketak egitera ere oinez joateko bultzatu nahi du Udalak. Horretarako espaloi berriak egin ditu azken urtean (Ikastolatik Urmendira edo Makarraztegi poligonora joateko, besteak beste). Zenbait errepidetan autoen norantzak ere aldatu ditu, oinezkoen segurtasuna handitzeko (Tronpeoko maldan) edo bizikletentzat bide berriak egiteko (Elorrondo kalean, kiroldegi parean). Herriko punta batetik bestera oinez edo txirrindan erraz joateko aukera eman nahi izan du.
Auzoguneetan ere, oinezkoek lehentasuna
Auzoetako plazetan eta Elizaldeko kale nagusietan ere oinezkoek lehentasuna izateko lanak egin ditu Udalak. Altzibar biziberritzeko proiektuan, plaza eta inguruko kaleetan autoen joan-etorriak eta abiadura murrizteko lurzoru berezia jarri da. Done Eztebe plazatik Landetxera doan Yon Oñatibia etorbidea ere peatonala izango da aurrerantzean.
Xorrola eta Taxibusaren ordutegiak zabaldu dira
Herri barruan garraio publikoan mugitu ahal izateko Xorrola eta Taxibus zerbitzuak larunbatetara zabaldu ditu Udalak legealdi honetan. 2022ko Xanistebanetan gauetan ere herriko zortzi auzoak lotu zituen Xorrolak. 342.000 euroko inbertsioa egiten du urtero Udalak Xorrola eta Taxibusa eskaintzeko.
Urtez uzte handituz doa zerbitzu hauen erabilera. 78.865 bidaiari izan zituen Xorrolak 2022an, 2021ean baino 3.800 gehiago (urte betean %5 igo da). Taxibusak 4.800 bidaiari izan zituen.
Oiartzundik Donostiara autobus zerbitzua hobetzeko eskaera
Ibilgailu pribatuak alde batera utzi eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko ezinbestekoa da Oiartzundik Donostiara joateko autobus zerbitzua zabaldu eta hobetzea.
Gipuzkoako Foru Aldundiarena da herrien arteko autobus zerbitzua antolatzeko eskumena. Azken urte hauetan bi zerbitzu berri jartzeko eskatu dio Udalak Aldundiari: Oiartzundik Donostiara doan autobus zuzena eta Oiartzundik ospitalera doan bestea. Aldundiak erantzunik eman ez badu ere, bi linea hauek jartzeko lanean jarraituko du Udalak.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika