Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Oiartzungo erretiratu eta pentsiodunentzat ekintzak antolatzeko, aisialdi aktiboa sustatzeko eta jubilatuen gizarte integrazioa garatzeko 15.000 euro emango dizkio Udalak Gazte Izanak elkarteari. Atzo sinatu zuten lankidetza-hitzarmena Jexux Leonet Oiartzungo alkateak eta Fermin Lorza elkarteko lehendakariak.
Elkarteko estatutu berriak onartzeko batzarra egin zuten atzo bazkideek. 200 erretiratu inguru bildu ziren Landetxe kultur aretoan. Aurrerantzean izango dituzten arauak adostuta, Udalarekin hitzarmena sinatu zuten.
Estatutuen inguruan lortutako kontsentsuagatik zoriondu zituen alkateak, “kolektibo batentzat oso garrantzitsua baita bide berriari adostasunez ekitea”. “Pozik egoteko eguna dela” esan zuen, urte luzez amestutako espazio berria izango dutelako herriko jubilatuek.
Jubilatu guztientzat zabalik egongo den egoitza
Erretiratuen egoitza berria nola egin erabakitzeko parte-hartze prozesu garrantzitsua egin du Udalak. “Zuek esandako beharren baitan egin dugu zuen egoitza berria”. Erronka “orain” datorrela adierazi zuen alkateak, “edukiz eta biziz bete beharko baitituzue Landetxe eta Oiartzun”.
“Proiektu asko dira egoitza honetan txertatuko direnak. Gehienak zaintzarekin lotutakoak. Zaintza da erdigunean jarri nahi izan dugun elementua, eta horretarako zuen ekarpena ezinbestekoa da herriarentzat”.
Espazioa herriko jubilatuen elkarte ezberdinek batera kudeatuko dutela gogorarazi zuen. Ia 3.000 erretiratu ditu Oiartzunek. Jubilatuen elkarte ezberdinak ere badaude. Denek izango dute tokia Landetxen. Egoitza berria elkarrekin konpartitu eta proiektu bateratuak aurrera eramateko dei egin zien alkateak.
Jubilatuen premiak erantzuteko beharrezko bitarteko guztiak jarriko ditu Udalak
Jubilatuen kolektiboa Oiartzunentzat “oso garrantzitsua” dela esan zuen Leonetek: “eragile estrategikoa zarete, arlo ezberdinetan lan egiteko duzuen esperientzia eta jakintza behar-beharrezkoak baitira. Herriarentzat oso garrantzitsua da jubilatu aktiboak izatea. Jarrai ezazue elkarlanean, martxan, aktibo, ekintzak antolatzen eta disfrutatzen. Udaletik horretarako behar dituzuen bitarteko guztiak jartzeko prest gaude”.
2023an herriko jubilatuentzat ekintzak antolatzeko 15.000 euro emango dizkio Udalak elkarteari. Urteko ekarpena ia %50 igo du Udalak. Beharko balitz gehiago igotzeko konpromisoa ere hartu zuen alkateak. “Zuen esku dago. Oiartzungo jubilatuen egoitzak bizia duen bitartean eta aktibo dagoen bitartean, Udalaren aldetik konpromisoa osoa izango da, bai ekonomikoa eta baita elkarlanerakoa ere”.
Esker hitzak izan zituen Lorzak alkatearentzat eta Udalarentzat. “Emango diguten diru kopurua oso garrantzitsua da. Eskatu dugun guztia eman digute eta gure beharrak ulertu era erantzuteko prestutasun osoa izan dute”.
Hitzarmena sinatuta, merienda goxoa eskaini zien Udalak bertaratutako denei beraien aterpe berrian.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika