Udala Informatzen aldizkariaren 100. alea kalean da

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Udala Informatzen aldizkariaren 100. edizioa jasotzen ari dira oiartzuarrak aste honetan euren etxeetan.

1991ko azaroan argitaratu zen lehen alea. Herritarrei udalaren jardunaren berri emateko helburuarekin sortu zen, oiartzuarrek proiektu eta egitasmo ezberdinen berri izateko, gardentasuna areagotzeko eta parte-hartzea sustatzeko. Ordutik lau hilero Oiartzungo etxeetan ez du hutsik egin aldizkariak. Azken 32 urteetan herriko informazio nagusia jaso du eta hamarkada hauetan Oiartzunek izan duen garapenaren testigu izan da.

100. edizio honetan ere herriko bizitza aldatuko duten egitasmoak dira protagonista: Landetxe eraikina, elikadura burujabetza eta mugikortasun jasangarria. Oiartzun berria sortzeko etorkizuneko erronkak. Hemen irakurri dezakezu.

Urte hauetan guztietan aldizkariak jakin du aldaketetara egokitzen: eduki ezberdinak jaso ditu, itxura berritzen joan da eta herritarren intereseko gaiak jorratu ditu. Maiztasun handiagoa izango du aurrerantzean. Urtean lau aldizkari argitaratuko ditu Udalak, hiru hilero bat, herritarrek udalaren informazio gehiago izan dezaten.

Udala Informatzen euskara hutsean banatzen den arren, euskara ez dakitenentzat ere badago gaztelerazko edizioa. Itzulpena etxean jaso nahi duenak bide hauetatik eskatu dezake: udalean bertan, 943 49 01 42 telefonora deituta edo komunikazio@oiartzun.eus helbidera idatzita.

Gehigarriak

Udala Informatzen aldizkariaren 100. alea kalean da

Fitxategiak