'918 Gau' dokumental saritua eta zuzendariarekin solasaldia bihar

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

2007ko urriaren 4an atxilotu zituen Guardia Zibilak Arantza Santesteban eta beste 22 pertsona, Batasunako Mahai Nazionaleko kide izateagatik. 918 gau pasa zituen kartzelan. Bizipen horiek jasotzen dituen ‘918 Gau’ dokumentala ikusteko aukera izango da bihar, apirilak 27, 18:30ean Landetxen. Doan da eta gonbidapenak sarrerak.oiartzun.eus helbidean lortu daitezke (edo egunean bertan, emanaldia hasi baino ordu erdi aurretik Landetxeko leihatilan). Oiartzungo Udaleko Berdintasun Sailak antolatzen duen ‘Ostegun feministak’ programako parte da emanaldia.

Espetxean pasatako egunetatik zenbait oroitzapen gordetzen ditu Santestebanek: patioko joan-etorri amaigabeak, igeriketa-lehiaketak, Rasharen bizipen latzak kartzelan… Kartzelan egon zenean jaso zituen gutunak kartoizko kaxa batean gordeta zituen, bere gurasoen etxean. Aske gelditu eta 6 urtera, eseri eta artxibo hura osatzen zuten gutunak eta argazkiak ateratzen hasi zen. Handik aurrera, grabagailu batean jaso zituen bere oroitzapenak eta zalantzak, eta ‘918 Gau’ filmean zehar azalduko ditu, memoria zatikatu baten eran. Hainbat nazioarteko sari irabazi ditu lanak.

Arantza Santesteban (Iruñea, 1979) historialari, zinemagile eta ikertzaile independentea. Sormen Dokumentala ikasi du 2012an hasi zen lanean zinemagile gisa. Ordutik film ezberdinak zuzendu ditu, Passatgeres (2012) edo Euritan (2017), besteak beste. Euskal gatazka politikoari buruzko hainbat ikerketa egin ditu feminismoaren eta irudikapen  zinematografikoaren esparrutik.

Zuzendariarekin eta Leire Lopezekin solasaldia

Dokumental emanaldiaren ondoren Arantza Santesteban zuzendariarekin eta Leire Lopezekin solasaldia izango da. Lopez irakaslea, editorea eta musika eta literatura kritikari euskalduna da. Kafea eta Galletak egitasmoaren bultzatzaile izan zen eta Gernikako Astra egitasmoaren sustatzaileetako bat ere izan da. 2018tik Susa argitaletxeko editorea da.

Gehigarriak

'918 Gau' dokumental saritua eta zuzendariarekin solasaldia bihar