BI ordenantza berriri hasierako onarpena eman zioten atzoko bilkuran

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Eragin linguistikoaren ebaluazioa arautzeko ordenantzari hasierako onarpena eman zioten aho batez apirileko ohiko udalbatzarrean. Honela, Oiartzungo egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen proiektu edo plangintzak onartzerakoan, ekimen horiek euskararen erabileraren izan dezaketen inpaktua ebaluatu eta neurriak hartzeko metodologia propioa izango du Udalak.  

Energia elektrikoa, gasa, ura eta hidrokarburoak garraiatzeko instalazioen aldeko udal-jabari publikoaren erabilera pribatiboagatiko eta aprobetxamendu bereziagatiko tasa arautzen duen ordenantza izan zen onartutako bigarrena. Jendaurrean jarriko dira bi proposamenak, alegazioak aurkezteko aukera emateko.

Herriko kulturzaleen eta eragileen elkarlana sustatzeko hitzarmena

Kulturaz Bete Arte irabazi-asmorik gabeko elkartearekin hitzarmena sinatzea adostu zuten. Kultur eragileen eta zaleen bilgune izan, haien elkarlana bideratu, kultura eta kultur-zaletasuna bultzatu, kultur espresioak antolatu eta euskal kulturaren transmisioa sustatu nahi dute horrela. 40.000 euro emango dizkio Udalak elkarteari 2023an horretarako.

Soinuenea Fundazioari 10.800 € gehiago ematea onartu zuten, prezioen igoeragatik eta burutzen dituen jardueretan sortutako egitasmo berriengatik izan duen gastu igoera finantzatzeko. Guztira 104.100 euroko dirulaguntza emango dio 2023an Udalak fundazioari bere jarduerak bultzatzeko.

‘Erregularizazioa orain’ kanpainaren barruan, Grupo Oarso taldeak Espainiako estatuan migratzaileen ezohiko erregularizazioari buruzko mozioa ere onartu zuten bi alderdiek. Taldeak aurkeztutako testuaren arabera, Espainiako estatuan administrazio-egoera irregularrean dauden 500.000 migratzaile inguru biziko dira, horietatik heren bat adingabeak. Egoitza-baimena lortzeko aurreikusitako irizpideak oso murriztaileak dira eta zaurgarritasun-egoera larriak eragiten dizkiete. Horregatik, mozioa onartu eta erregularitzatzeko prozesu berezia ekiteko eskatu zieten alderdiek Espainiako Gobernuari.

Apirileko protokolo gastuak 140 euro izan dira, ikurrina, garaikur, inprenta eta web orrian.

Gehigarriak

BI ordenantza berriri hasierako onarpena eman zioten atzoko bilkuran