Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
2019-2023 legealdiko azken udalbatzarra egin zuten atzo eta lau urte hauetan ohikoa izan den adostasunarekin onartu zituzten gai guztiak udalean ordezkaritza duten bi alderdiek.
Aho batez onartu zuten udalaren eta Inmobiliaria de Orio Txoko Txikiren lurren arteko permuta. Enpresak Mendibil partearen, bidegorriaren eta hilerriaren artean duen 40.000 m2ko lursaila emango dio udalari eta trukean ELI-6 eremuan udalak duen aprobetxamendua eta 550 metro karratuko zatia jasoko du. Oiartzunentzat oso onuragarria izango da aldaketa, honi esker udalerriko berdegune publiko handiena osatuko baita, 100.436 metro karratuko azalerakoa. Elizalde erdigunea inguratuko duen eraztun berdea indartzeko ezinbestekoa izango da eta arnasgune ekologikoa izateaz gain, aukera emango du zerbitzu ekipamenduak zabaltzeko (beilatokia, besteak beste). Nekazaritzarako aproposak diren lurrak eskuratuko ditu horrela gainera Udalak, elikadura burujabetza lortzeko duen estrategian pauso berriak eman eta lehen sektorean jardun nahi duten herritarren esku uzteko.
Gaixo psikikoen integraziorako 53.000 €
Arraztalo Elkartearekin hitzarmena sinatzea ere adostu zuten. Gaixotasun psikikoa duten oiartzuarren lan eta gizarte integrazioko egitasmoak sustatu eta gauzatzea du helburu erakundeak. Gaixotasun psikikoa duten pertsonen eta hauen familien bizi kalitatea hobetzeko jarduerak egiten dituzte (lan arlokoak, hitzaldiak, senideen arteko laguntza taldeak, sentsibilizazio lanak…) eta aurten 53.000 € emango dizkio Udalak xede horretarako.
Maiatzean ez da protokolo gasturik egon.
Jexux Leonet: “Eredugarria izan da elkarlanean eta adostasunean egin dugun bidea”
Zortzi urteko zikloa amaitu eta bere azken udalbatzarrean esker oneko hitzak izan zituen Jexux Leonet alkateak. Esperientzia “izugarria” izan dela eta ibilbidearen balorazio “oso positiboa” egin duela esan zuen. “Gustura noa, urte hauetan Oiartzun hobetzea lortu dugulako”. Taldekide eta oposizioko zinegotzi denei eskerrak eman zizkien jasotako babesa eta emandako tratuagatik eta elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen. “Zortzi urte hauetan lan asko egin dugu eta herritarren alde proiektu asko atera ditugu aurrera, adostasunarekin. Eredugarriak izan gara, guztion elkarlanarekin eta konpromisoarekin herrigintza egiteko modu bat asmatu dugulako. Jakin dugu oiartzuar guztien mesederako lan egiten”.
Eneritz Arbelaitz alkateordeak egindako lanagatik eskerrak eman zizkion Leoneti EH Bilduren udal taldearen izenean. Eduki duen “lanerako grina, konstantzia, konpromisoa, ikuspegia, enpatia, umiltasuna eta pazientzia” nabarmendu zituen. “Herritar guztien alkatea izan zara. Jakin duzu denei entzun, beharrak eta arazoak ulertu, muinera joan eta erantzunak ematen. Ilusioarekin eta elkarlanean; herritarrekin, taldeko zinegotziekin eta oposizioarekin. Hori izan da zure marka”.
Janire Mitxelena EAJko bozeramaileak ere legealdi honetan Leonetekin “oso gustura” lan egin dutela esan zuen. “Zure aldetik babesa sentitu dut. Oso pertsona ona zara eta zorterik onena opa dizut”.
Talde argazkiarekin amaitu zuten agintaldiko azken plenoa.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika