Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen lan baldintzak hobetu ditu Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Zaintza lanak tradizionalki emakumeek egin izan dituzte orain arte familiaren testuinguruan dohainik edo lan baldintza prekarizatuetan. Honek zaildu egin izan du eginkizun hauen eta sektore honetako langileen profesionalizazioari behar besteko garrantzia eta balioa aitortzea, lan erreproduktiboei ez zitzaielako zuten garrantzia ematen. Azken urteetan hori aldatzen ari gara.

80. hamarkadan sortu zuen Oiartzungo Udalak etxez etxeko laguntza zerbitzu propioa, zaintza behar duten herritarrak eta haien familiak laguntzeko. Udal langileekin eman du beti zerbitzua, ez du eginkizun hau azpikontratatu. Azken urteetan eskaintza hobetu eta urteko 365 egunetara zabaltzeko lan-taldea indartu du eta gaur egun 19 profesionalek ematen dute oiartzuarren ongizaterako hain garrantzitsua den zerbitzua.

Zaintzen gaituztenak zaindu eta haien lana aitortzeko hobekuntzak

Azken urte hauetan profesionalizatzen eta handitzen joan da etxez etxeko laguntza emateko eskatzen den prestakuntza maila. Zerbitzua erabiltzen duten pertsonen beharrak ere geroz eta anitzagoak direnez, erantzukizun eta eginkizun gehiago dituzte langileek: asistentzia, zaintza, integrazioa, prebentzioa, hezkuntza…

Formakuntza eta funtzio eskakizun gehigarri hauek lan baldintzetan eta ordainsarian ere isla izateko eta beraien lana balioan jartzeko etxez etxeko langileen lanpostuak baloratu dira eta horrek ekarri du lanpostuen maila igoera, hain  zuzen ere bi puntu igotzea, 8tik 10era, balio berdineko beste lanpostuekin parekatuz. Soldata ere horren baitan igoko zaie.

Udal langileen lan-arrisku psikosozialen balorazioa egiterakoan ere etxez-etxeko langileen balorazio  propioa egin da, lanak dituen ezaugarri bereziak aintzat hartuz; adibidez, langile hauen lantokia erabiltzaileen etxea edo herriko beste espazio batzuk baitira (osasun zentroa, dendak, kalea…). Honen ondorioz hobekuntza gehiago ere jarri dituzte martxan. Langile bakoitzak mugikor bat du orain langileen arteko komunikazioa, elkarlana eta koordinazioa hobetzeko, edo zerbitzu bakoitzeko edozein intzidentzia erregistratzeko.

Ongizate saila Fermiñene etxera mugitzeko proiektua ere martxan dago eta bertan gune propioa izango dute etxez etxeko langileek, koordinaziorako, bilerak egiteko eta arropaz aldatzeko tokia izateko, besteak beste.

Gehigarriak

Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen lan baldintzak hobetu ditu Udalak