Aintzane Aginagalde oiartzuarrak irabazi du Euskararen Paparazziak lehiaketako bigarren saria

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak antolaturiko Euskararen Paparazziak argazki lehiaketaren bosgarren edizioko irabazleak jakinarazi ditu epaimahaiak.

Bosgarren edizio honetara aurkeztu diren 18 argazkien artean, Errenteriako Biteri kaleko Blume loradendari Nerea Gonzálezek eta Dani Novasek ateratakoa izan da irabazlea. Epaimahaiak argazkiaren ezaugarri teknikoak nabarmendu ditu, sartzeko gonbita iradokitzea eta egiten zaila den argazkia txukun ateratzea lortu baitu egileak. Bigarren saritua, berriz, Aintzane Aginagaldek Oiartzungo Nerea Urkola optiko dendari ateratakoa izan da. Bere sinpletasunean, txukuna delako eta euskarazko errotulazioa nabarmentzen duelako hitz joko polit baten bidez.

Josu Delgadoren Oiartzungo hizkuntz normalizaziorako zinegotziak eman dio saria Aintzane Aginagalderi, Urkola optikan.

“Prezio berean, euskaraz!” egitasmoaren barnean antolaturiko argazki lehiaketa da Euskararen Paparazzoak. Oiartzungo, Errenteriako, Lezoko eta Pasaiako merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskararen erabilera handitzeko hizkuntza paisaiak duen garrantzia azpimarratzea du helburu. Euskara eta merkataritza/ostalaritza hobekien uztartzen dituzten argazkiak izaten dira baloragarri.

Irabazleak Oarsoaldeko saltokietan erabiltzeko 400 euroko saria eskuratu du eta 200 eurokoa bigarrenak. Argazkiak ikusgai daude www.oarsoarrak.eus webgunearen multimedia atalean.

Zorionak!

Gehigarriak

Aintzane Aginagalde oiartzuarrak irabazi du Euskararen Paparazziak lehiaketako bigarren saria